NAIZ

Frederik Haranbururen baldintzapeko askatasuna martxoaren 27an erabakiko da

Ni Ere Banoa elkarteak adierazi duenez, Frederik Haranbururen baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia martxoaren 27an hartuko da. 25 urte daramatza espetxeraturik Haranburuk.

Senperen egindako elgarretaratzea. (Bob EDME)
Senperen egindako elgarretaratzea. (Bob EDME)

Frederik Haranbururen baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia martxoaren 27an hartuko da, Ni Ere Banoa elkarteak jakinarazi duenez. Haranburu 1990. urtean atxilotu zuen Polizia frantsesak eta «betikotasun espetxe zigorrera» kondenatua izan zen 1997. urtean egin zioten epaiketan, gutxienez 18 urte betetzeko beharrarekin.

Epaiketaren aurretik betetakoa kontuan hartuta, duela bost urte bete zen epe hau eta duela bi urte baldintzapeko askatasunaren eskaria egin zuen abokatuak. Gaur aztertu du eskari hau frantziar Estatuko justiziak eta martxoaren 27an erantzuna emango du.

Mediabaskek elkarrizketatu egin du eta Haranburuk gogora ekarri du 2013ko uztailean egin zuela eskaria, ordura arte «momentu egokia ez eta ezetza jasotzek arriskua» handiagoa zela uste zuelako. Era berean gogora dakar Ebaluaketa Zentro Nazional batetik pasatu behar izan duela. «Lege zehatz batek behartzen du kondena luzeak dituzten presoei eta baldintzapeko askatasunaren eskaera egin dutenei hortik pasatzea», azaltzen du.