naiz
Reykjavik

Duela 400 urte hildako euskal arrantzaleen inguruko kongresua Islandian

Duela 400 urte 32 euskal arrantzale hil zituzten Islandian eta egun hauetan ospatu dute Reykjaviken honen inguruko kongresua. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak «gertatutakoa argitzeko» balio izan duela azpimarratu du.

Islandian ospatutako kongresua. (GIPUZKOABERRI)
Islandian ospatutako kongresua. (GIPUZKOABERRI)

Islandiako Unibertsitate Liburutegi Nazionalean ospatu den kongresuan, nazioarteko zazpi unibertsitateko 25 irakasle eta ikertzailek egin dituzte ekarpenak duela 400 urte Islandian gertatutako euskal arrantzaleen hilketaren eta bi herrien arteko harremanen gaien inguruan. Era berean, gaiari buruzko hiru liburu aurkeztu dira. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia bertan izan da: «Ekarpen guztiekin gertakari latz hura argitu da, baita euskal arrantzaleek garai hartan islandiarrekin zituzten harremanak ere», azpimarratu du ekitaldiaren amaieran.

Bi  egunez, ikertzaile eta unibertsitate irakasleek euskal arrantzaleek Islandiako biztanleekin izan zituzten harremanak oro har, eta duela 400 urte Islandian hil zituzten 32 euskal arrantzaleen inguruko ikerketa, zehazki, aztertu dituzte Reykjaviken egin den Kongresuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Islandiako Gobernuak babestutako eta Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Islandiar Erakundeak, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies guneak eta Santa Barbarako Unibertsitateko Barandiaran Chair for Basque Studies katedrak antolatu dute ‘Euskal baleazaleen hilketa, Islandian gertatu zeneko IV. urteurrena’ kongresua.

Ez da ospatzen den lehenbiziko kongresua. 2006an eta 2011 urtean ere izan ziren. Hala ere, Xabier Irujo irakaslearen ustez, aurtengoak «aurrerapauso handiak» eskaini ditu.

Kongresuaren inguruan beste hainbat ekitaldi burutu dira Reykjaviken egun hauetan. Oreka TX taldeak Salurinn Concert Hall antzokian kontzertua eskaini zuen. Hilmar örn Hilmarsson and Páll Guðmundsson bertako musikariekin batera. Azkenik, bihar Garitanok eta Illugi Gunnarson Islandiako Kultur ministroak omenaldi bat egingo diete zendutako arrantzaleei.