Twitter bidez Barakaldon Libre-k jakinarazi duenez, Periko Solabarria bihar hastekoa den epaiketatik kanpo utzi dute.
[ADI!] Periko biharko epaiketatik at geratu da. EZ DUTE EPAITUKO. Biharko manifestazioa mantentzen da, babesa eman eta epaiketak salatzeko.
— Barakaldon LIBRE (@BarakaldonLIBRE) Mayo 27, 2015
Biharko deituta zegoen manifestazioari (20.00etan, Bide Onera plazatik abiatuta), hala ere, eutsi egiten diote, auzipetuei babesa adierazteko.
Ostegun honetan espainiar Entzutegi Nazionalak Iraitz Salegi Topatuko kazetaria eta Ernaiko zazpi kide epaituko ditu, 2013an Ernai gazte antolakundearen jaiotza ospatzeko Gazte Danbada jaialdian «Terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute Periko, Salegi eta Ernaiko kide batentzat eta 2 urtekoa Ernaiko beste sei kiderentzat.
Honen aurrean, gazte antolakundeak Guardia Zibilak eratutako txostena «erabat faltsua» dela salatu du ohar baten bitartez. «Onartezinak dira mahai gainean jarritako kartzela eskariak, zer esanik ez, Iraitz Salegiri jarritakoa bere lana egiteagatik».
Zentzu honetan, epaiketa berri honek frantizar eta espainiar Estatuek «gerra estrategia piztuta» dutela argi uzten duela azpimerratu dute. «Ezin aipatu gabe utzi bidelagun zintzo diren euskal kolaboratzaile ‘demokratak’. Ikusi besterik ez dago Gasteiz eta beste hamaika txokotan herri harresiak borraz nola hautsi nahi izan dituzten, justiziaren alde lerrokatu ordez, lege faxistak babestuz», adierazi dute.