@gara_mjauregi
ANDOAIN

EAJko zinegotzi batek akordio orokorra hautsi eta EH Bilduri eman dio Andoaingo alkatetza

Ezustekoa Andoaingo Udalaren osaketa bilkuran: aretoan bildutako herritar guztiek PSEko Maider Lainez jotzen zuten alkate berri, EAJrekin lotutako akordio orokorraren baitan, baina hautetsi jeltzale batek boto diziplina hautsi eta zuri bozkatu du. Hartara, EH Bilduko Ana Karrerek eskuratu du aginte makila. Lasarte-Orian, PSEko Jesus Zaballos hautatu dute.

Andoaingo alkate Ana Karrere, aginte makilarekin. (@gara_mjauregi) Andoaingo alkate Ana Karrere, aginte makilarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Andoaingo alkate Ana Karrere, aginte makilarekin. (@gara_mjauregi) Andoaingo alkate Ana Karrere, aginte makilarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Andoaingo osoko bilkura motza izan da, baina intentsoa oso. Guztia espero bezala joan da, bozak zenbatzen hasi diren arte: Maider Lainezek zortzi (PSEko bostak eta EAJko hiru), Ana Karrerek sei (bereak denak), Ganemos Andoaineko Mourinhok bat (bere buruari emandakoa) eta bi zuri: Ganar Andoainekoarena eta... EAJko batena.

Kontaketa amaitutakoan, herritarrak laster ohartu dira egoeraz: Lainezek ez du gehiengo osorik lortu (bederatzi boz behar zituen) eta, horrenbestez, maiatzaren 24an ordezkari gehien eskuratu zuen zerrendaburuari, EH Bilduko Ana Karrereri, eskaini dio aginte makila udal ordezkariak. Eta honek aukera baliatu du.

Koalizioaren zaleen oihu eta txaloak iritsi dira orduan. Eta PSEko hautetsien eta zaleen isiltasun eta harridura aurpegiak. EAJko eserlekuetan, berriz, lau aurpegi zurbil-zurbil.

Makila eskuetan, eta datozen lau urteei begira jarrita, hitza hartu du Karrerek. Azken legegintzaldian egindako lanari jarraipena emateko konpromisoa hartu du eta egindako akatsak zuzentzekoa. Batik bat, Udalaren egoera ekonomikoari eta gatazkaren konponbideari jarri die atentzioa.

Txalo artean bukatu da osoko bilkura. PSEko batzuek beren haserrea agertu dute eta izan da tentsio uneren bat, baina garrantzitik gabekoa.

Udaletxearen kanpoaldean, Lainezek komunikabideei adierazi die «harrituta» daudela eta EAJren jarrera «koldarra» salatu du.

Lasarte-Orian, PSEko Jesus Zaballos

Lasarte-Orian, PSEko Jesus Zaballos izendatu dute alkate bere alderdiaren zazpi zinegotzien botoekin eta EAJren bi ordezkarien abstentzioari esker. Eibar, Irun, Zumarraga eta Pasaian ere gobernatuko du PSEk

Bestalde, Astigarragan eta Soraluzen ez da ezustekorik egon eta EAJk eskuratu du alkatetza bi herrietan PSEren babesari esker, nahiz eta EH Bildu izan zerrendarik bozkatuena. Zarautzen ere jeltzaleek kudeatuko dute Udal gobernua PSEko zinegotziek zuri bozkatu ostean. Tolosa, Hondarribia eta Arrasate ere gobernatuko dute jeltzaleek. Mutrikuko alkatetza ere lortu du EAJk zinegotzi ekologista baten babesa jaso ondoren. EH Bilduk lortu zuen bozka gehien, baina berdinduta zeuden zinegotzi kopuruan.

EH Bilduk Oreretako eta Hernaniko alkatetzak mantendu ditu, beste hainbat herritan bezala -36 hain zuzen ere-.