Kukutza gaztetxea eraitsi zuten eguneko istiluen harira 19 lagun epaitzen hasi dira gaur Bilbon, desordena publikoak eragitea leporatuta. Fiskalaren eta euren abokatuen galderei erantzun diete deklaratu duten 18 auzipetuek eta ukatu egin dute leporatzen dizkieten istiluetan parte hartzu zutenik. Legezkoa zen manifestazio batean parte hartzera joan zirela adierazi dute, eta Ertzaintzak manifestarien aurka jo zuenean alde egiten saiatu zirenean atzeman zituztela esan dute.
2011ko irailaren 21ean indarrez hustu zuen Ertzaintzak Kukutza eta 23an eraitsi zuten gaztetxea. Egun haietan istiluak jazo ziren, nagusiki Errekalde auzoan, eta Ertzaintza gogor oldartu zen Kukutzari elkartasuna adieraztera joan zirenen aurka.
Fiskalak 18 eta 30 hilabetera arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu auzipetuentzat. Biri, gainera, erresistentzia delitua ere leporatzen die, baina baten kasuan erretiratu egin du akusazio hori.
Epaiketaren bigarren saioa asteazkenean izango da, lekukoen deklarazioekin.
Iñaki Carro auzipetuen abokatuak Euskadi Irratiari azaldu dionez, Kukutza defendatzera joan zen «mugimendu erraldoi» horren aurkakoa da epaiketa. Ertzaintzak auzipetuei istilu larriak eragitea leporatzen dien arren, Carrok nabarmendu du haiek gertatu zirenerako auzipetuak jada atxilotuta zeudela.
Joan den larunbatean, Bilbon manifestazio jendetsua egin zuten auziperatuekin elkartasunez. Epaiketaren hasierarekin batera, elkarretaratzea egingo dute epaitegi aurrean.
Horrez gain, Bilboko EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao alderdietako ordezkariek auzipetuen aurkako akusazioak erretiratzeko eskatu dute azken egunotan.