Kontseilua Europako Parlamentuan izan da gizarte eragileek osatuko duten Hizkuntza Eskubideen Protokoloa aurkezten, eta bertan «harrera ona» izan dela nabarmendu dute ohar baten bidez. 2016ko abenduan aurkeztuko dute Donostia 2016 kultur hiriburuaren baitan sortutako proiektua.
Gaur goizean, Jordi Sebastiá Gutxiengo Tradizional, Komunitate eta Hizkuntza Nazionalen Europako Parlamentuko Intergrupoko lehendakariaren eskutik, eta UNPO Protokoloaren proiektuko Talde Antolatzaileko kide denak antolaturik, gosari aurkezpena egin da Europako Parlamentuan. Bertan Paul Bilbaok Kontseiluko idazkari Nagusiak, Protokoloa osatzeko martxan jarri den prozesuaren aurkezpena egin du.
«Hizkuntza Komunitateen eskubideak aintzat hartuz, desabantailan dauden hizkuntzak dagokien tokian ezarriz, Protokoloak bide bat eskainiko du Europan elkarbizitza eta bakea egonkortzeko», adierazi du. Zentzu honetan, gizarte eragileak eta herritarrak ezarri ditu «prozesuaren abiapuntu eta helburu».
«Europako Parlamentuak eta maila guztietako erakundeek gizarte demokratiko baten eraikuntzan ardura dutelako eta bide horretan Europako hizkuntza komunitateak berdintasun egoerara iristea baitezpadakoa delako, gizarte eragileen ahotsa entzun dezaten eta martxan jarri duten prozesu parte hartzailearen bitartez osatuko duten Protokoloa aintzat hartu dezatela» eskatu die Bilbaok.
Bruselan dagoen Kontseiluko ordezkaritzak aurkezpen honetaz gain gizarte zibileko eragile ezberdinekin biltzeko asmoa du, «proiektua azaltzeko eta parte hartze ahalik eta zabalena lortzeko».