NAIZ
MADRIL

Def con Dos-eko abeslaria epaituko du Auzitegi Nazionalak, «terrorismoa» goratzea egotzita

Cesar Strawberry Def con Dos musika taldeko abeslariaren aurka abiatutako auziaren artxibatzea baliogabetu du Audientzia Nazionalak eta, hortaz, Twitterren «terrorismoari gorazarre» egiteagatik epaitzeko agindu dio Jose de la Mata epaileari.

Cesar Augusto Montaña Lehman, Def con Dos taldeko burua, «terrorismoa» goratzea egotzita epaitu egingo du Audientzia Nazional espainolak.

Twitter sarean eginiko sei komentario eta bertxio batengatik auziperatu egin zuten Strawberry, baina iragan urrian Jose de la Mata epaileak auzia artxibatu egin zuen, adierazpenok bere «estetika probokatzaile, ironiko eta sarkastikoaren» baitan egin zituela iritzita. Kantariak arteaz duen «ikusmolde berezia» aipatu zuen epaileak.

Hala ere, Fiskaltzak jarri zuen helegitea partzialki onartu egin du Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Aretoak eta artxibatzea baliogabetu du, De la Matari kantaria epaitzeko agindua emanez. Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileen iritziz, Strawberryren txioak ezin dira «kulturaren eta iritzi propioaren defentsaren testuinguruan» kokatu, baizik eta «gorrotoaren diskurtsoan».

Espainiako Erret familiaren aurka eginiko ustezko irainen atalaren artxibatzeari dagokionean, babesa eman diote De la Mataren erabakiari.

Hortaz, «terrorismoa goratzeagatik» jesarri beharko da Strawberry erruztatuen aulkian.