‘Esna harrapa gaitzala’. Hau izan da Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek martxoaren 25etik 28ra Laudion ospatuko den Gazte Danabadarako aukeratu duten leloa, topatu.eus atariak iragarri duenez. «Gazteok bizi dugun egoera prekarioan, ezinbestekoa da esna egotea», adierazi dute gaur Laudion bertan egin duten agerraldian.
Egun hauetan gazteen burujabetza landu eta praktikara eramatea izango dute helburu «bestelako herri baten aldeko borroka hauspotuz». Bide propio hori egite aldera, «aldaketa sakonak» iragarri dituzte hiru puntutan.
Antolaketa eredua landu nahi dute, baita elikadurari dagokionez tokiko produktuak izango dira eskuragarri eta musikaren aldetik sortzaile gazteak bultzatuko dituzte. Azken puntu honi dagokionez, ‘Oholtza gainean bakerik ez’ proiektua abiarazi dute eta izena ematen duen talde orok izango du Gazte Danbadan jotzeko aukera.
Egitarau osoa otsailaren 18an emango dute ezagutzera, eta orduan bertan jarriko dira sarrerak salgai.