NAIZ
BILBO

Espetxeaz eta feminismoaz hausnartzeko egitaraua, Angela Davisen bisitaren harira

Otsailaren 5, 6 eta 7an Euskal Herrian izango da Angela Davis, aktibismoan eta borroka feministan mundu mailako erreferentea. Ikusmin handia eragin duen hitzordu honen harira, hausnarketarako parada emango du Gite-Ipes elkarteak eta Ipar Hegoa fundazioak prestatu duten egitarau oparoak.

Angela Davisen bisitaren harira antolatutako ekimenak aurkeztu dituzte Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Angela Davisen bisitaren harira antolatutako ekimenak aurkeztu dituzte Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Angela Davis bezalako figuren bisitak ez dira egunero jasotzen Euskal Herrian eta mundu mailan borrokaren eta feminismoaren erreferente den ekintzaile hau gurean izango dela aprobetxatuz, egitarau oparoa antolatu dute Gite-Ipes elkarteak eta Ipar Hegoa fundazioak.

Bilbon eginiko agerraldi batean, espetxeaz, aktibismoaz eta feminismoaz hausnartzeko parada emango duen egitaraua aurkeztu dute.

Hilaren 5ean, ostiralean, egun osoko jardunaldia izango da, «Kartzelak kalera! Emakumeak eta espetxea» izenburupean. Angela Davis bera izango da eguneko hizlari nagusia. Prison Activist Resource Center erakundearen Aholkularitza Batzordeko kidea izateaz gain, espetxeen aurkako mugimendu feministaren figura eraginkorrenetakoa da Davis, kartzelen abolizioaren defendatzaile sutsua, eta ondo espetxeratutako emakumeen errealitatea.

Berarekin batera arituko dira Estibaliz de Miguel, Cesar Manzanos, Leire Martinez, Rafael Sainz de las Rozas, Paulette D'Auteuil eta Jihad Abdulmumit adituak ere.

Behar adina leku egongo ez denez, hitzartzeak streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

Hurrengo egunean, hilak 6, herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegiaz hausnartuko dute Ipar Hegoa fundazioak antolatu duen barne ikastaroan.

Solasaldia NAIZ eta GARAko harpidedunekin

Azkenik, otsailaren 7an, Guggenheim museoan Davisekin solasaldia egongo da, NAIZ eta GARAko harpidedunekin. Bertan, Maider Eizmendik, Laura Mintegik eta David Fernandezek elkarrizketatuko dute aktibista estatubatuarra.

Bisitari bukaera emateko, ‘Angela Davis gure laguna da!’ jaialdia izango da Bilboko Kafe Antzokian.