@arianekamio
donostia

Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa ospatuko da uztailean Donostian

Nazioarteko hamaika inprobisazio adierazpide, bertsolaritza barne, batuko dira Mintzola Fundazioak eta EHUko Udako Ikastaroek elkarlanean antolatu duten topaketan. Datozen egunetan abiatuko dira beroketa saioak.

Donostia 2016ren egoitzan egin dute Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketaren aurkezpena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Donostia 2016ren egoitzan egin dute Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketaren aurkezpena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Bertsolaritza baldin bada euskaldunon inprobisazio adierazpide nagusia, munduko beste hainbat kulturatan badira formula berbera erabiltzen duten bideak. Repentistak dira kanariarrak eta kubatarrak, dengbej-ean aritzen dira kurduak, glosa darabilte katalanek, Regueifa galiziarrek, poesia a bolu sardiniarrek eta milaka gehiago nazioarteko beste hainbeste tokitan.

2003an egin zuen Bertsozale Elkarteak aurtengoaren antza duen lehenengo hitzordua. «Ahozko inprobisazioa munduan» deitu zitzaion ordu hartan eta lau kontinentetako inprobisatzaileak izan ziren Donostian.

Bide beretik, orain arte ezagutzen diren kulturen ezagutzan sakontzea eta lurralde berriei ateak zabaltzea helburu izango dituen nazioarteko topaketa antolatu dute uztailaren 11tik 16era bitarte Mintzola Fundazioak eta EHUk Udako Ikastaroen baitan.

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, gutxiengoan dauden hizkuntzen testuinguruen eta ahozko tradizioaren arteko erlazioa, ezagutzen ez ditugun kantu inprobisatuen deskripzioa eta genero ikuspegia izango dira «Europa bat-batean» lelopean egingo diren hitzaldi eta bat-bateko saioetako gai ardatzak.

Hitzaldi eta mahai-inguruak uztailean egingo badira ere, datozen egunetan girotze saioak antolatu dituzte Euskal Herriko leku desberdinetan. Lehenengo hitzordua larunbatean izango da Bilbon. Horietan, bertsolariak eta nazioarteko inprobisatzaileak ariko dira kantuan.