NAIZ
BILBO

Joseba Sarrionandiak zuzenduko du Habanan irekiko den Euskara eta Euskal Kultura irakurletza

Etxepare Euskal Institutuak eta Habanako Unibertsitateak iaz sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren ondorioz, hilaren 22an zabalduko da Kubako hiriburuan Euskara eta Euskal Kultura irakurletza. Joseba Sarrionandia idazlea izango da programa akademikoaren edukia zehaztu eta irakatsiko duena.

Joseba Sarrionandia. (NAIZ)
Joseba Sarrionandia. (NAIZ)

Ohar baten bitartez Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, azaroaren 22an abiaraziko da Habanako Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza, bi erakundeek sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren ondorioz.

Joseba Sarrionandia idazle iurretarra izango da bertako irakurlea, alegia, programa akademikoaren edukia zehaztu eta irakatsiko duena, gainerako ekintzez arduratzeaz gain. 1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik erbestean bizi da Sarrionandia. Bere literatur uzta oso oparoa da.

Irakurletza hilaren 22an abaraziko da, ‘Euskal hizkuntzaren historia’ izenburua duen ikastaroari hasiera emanez. Euskara hizkuntzaren historia lexiko-gramatikala eta soziala aztertuko dute, Neolitikotik hasi eta gaur egunera arte.

Programa akademikoaren baitan, beste hainbat ekintza antolatu dituzte: abenduaren 5ean Asier Altunak ‘Amama’ filmea aurkeztuko du unibertsitatean eta, ondoren, euskal baserri tradizionalaren bilakaeraz bertaratutakoekin aritzeko aukera izango du zinegileak.

Abenduaren 15ean, EHUko irakasle den Mari Jose Olaziregi, azaroa bitartean Etxepare Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan dena, euskal literaturaz ariko da ‘Un viaje por la cultura y la literatura vasca’ hitzaldian.

Bi hitzordu horiez gain, udazkenari begira beste hitzaldi batzuk ere prestatzen ari dira, hala nola, Blas de Oterok Habanan eman zituen lau urteei buruzkoa edo Jose Antonio Agirre eta euskal exilioa Kuban aztergai izango duena.

Gainera, eskolez gain, Kubako euskal komunitateari eta euskal kulturaz ikertu eta ikasi nahi duen orori baliabide berriak eskainiko dizkie irakurletza honek, esaterako, 2.000 liburuko fondoarekin abiatuko den Euskal Biblioteka. Beste bi proposamen ere badituzte: euskal zine-forum bat eta aldizkari bat sortzea. 

Irakurletza berriak euskal kulturaren inguruko jarduerak antolatzeko egoitza finkoa ere eskainiko du, Etxepareren esanetan, ikusgarritasuna bermatuz.