Azkena Rock-eko antolatzaileek ekainaren 23 eta 24an Mendizabalan (Gasteiz) egingo den jaialdiaren inguruko xehetasunak ematen jarraitzen dute, beste hamar izenen berri emanda.
Bereziki azpimarratu dute Chris Isaak estatubatuarraren kontzertua, ‘First Comes the Night’ bere azken lanarekin itzuliko baita Azkena Rock-era. 2010ean eman zuen azken kontzertua Gasteizko jaialdian eta Estatuan egingo duen emanaldi bakarra izango da oraingoa.
Artista estatubatuarrarekin batera, beste bederatzi talde jakinarazi dituzte: Michael Kiwanuka, Thunder, Hellsingland Underground, The Godfathers, The Dead Daisies, The Shelters, Buck & Evans, SCR eta Los Mambo Jambo.
Izen horiek guztiak aurrez ezagutzera emandakoei gehitu zaizkie: John Fogerty, Cheap Trick, The Cult, The Hellacopters, Union Carbide Productions, Loquillo, Thunder, Hellsingland Underground, The Meteors, Tygers Of Pan Tang, Bloodlights, Inglorious, Pat Capocci, Crank Count Daredevils, The Souldbreaker Company eta Fetitxe.
Horrez gain, antolatzaileek adierazi dute bonoaren egungo salneurria (90 euro gehi gastuak) martxoaren lehenengo egunera arte mantenduko dela, ondoren prezioa igo egingo baita. Webgunearen bitartez eros daitezkeela gogoratu dute.