NAIZ

Sailkapena lehiatu nahi duten txirrindularien ordua, Arrateko helmugan

Ohi baino txirrindulari gehiago iritsiko dira Arrateko etapara sailkapen nagusia lehiatzeko aukerekin. Orain arteko lau etapek 31 txirrindulari utzi ditu hiru segundoko tartean. 140 kilometrora iritsten ez den etapa, eta bidean sei mendate. Izua bitan igo beharko dute, Pagatzako gaina, Trabakua, Urkaregi eta, amaitzeko, Usartza gainditu beharko dute, baina Matxariatik igota.

Tropela, atzoko etapari ekin aurretik. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Tropela, atzoko etapari ekin aurretik. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Azken urteetako ibilbidea baino ibilbide arinago batek hau dakar: azken bi etapetan, dena jokoan. Eta gaur iritsi da sailkapen nagusia lehiatu nahi duten txirrindularien ordua. 31 dira hiru segundoko tartean daudenak. Gainera, biharko erlojupekoa kontuan izanik, hainbat txirrindularik tartea egiteko beharra dute Arrateko helmugan.

Azkenaurreko etapa hau Bilbotik abiatuko da 14:00ak inguru, eta 139 kilometro beranduago harrapatuko dute Arrateko ohiko helmuga. Helmuga betikoa, bai, baina ez igoera. Matxariatik igoko dira, hormigoizko zati bat barne,  eta mendateak ez du alferrik %10 baino gehiagoko batezbestekoa. Igotzaile indartsuenek, etapa lehiatzeaz gain, sailkapen orokorrari begira aldea atera nahiko diete beren arerioei.

Aurretik beste bost mendate gainditu beharko dituzte, eta guztiak azken 85 kilometrotan bilduta. Bigarren mailako Pagatzako gaina aurkituko dute Elgetan eta honen ostean Izuara lehen igoera eginen dute. Bigarrena egin baino lehen hirugarren mailako Trabakua aurkituko dute eta Usartzara iritsi baino lehen Urkaregi topatuko dute.

David de la Cruz kataluniarra iritsi da lidertzan. Eta atzo, Primoz Roglic eslobeniarra denbora berarekin kokatu zitzaion. Beste 29 txirrindulari hiru segundora. Eta gaur, erasorako ibilbidea, igotzaileek duten aukera bakarrean.