Oso gazte zela, Herri Gaztediko bileretara joaten hasi zen, eta 1965an ETA erakunde armatura sartu zen. Urte haietan bi aldiz atxilotu, torturatu eta kartzelatu zuten. Espetxeko egonaldi haietako batean, 1966an, Jose Luis Zalbide 90ko hamarkadan Barne Ministerio espainoleko aholkulari izango zenak prestakuntza militarra eman zion.
1967an, soldadutzatik ihes egin zuen, Espainiako Armadako kide barik «eusko gudaria» izatea erabakita, eta beste militante batzuekin batera Bilbo eta Laudio arteko ingurura jo zuen. Besteak beste, Xabier Izko de la Iglesia, Enrike Gesalaga, Mario Onaindia eta Teo Uriarte zituen taldelagunak. ETAren zuzendaritzako kide gehienak 1969an erori ziren, Bilboko Artekale kaleko pisu batean eta bi egun geroago Modroviejoko (Asturies) etxe batean. Mikel Etxeberriak Artekaleko pisutik ihes egitea lortu zuen, zaurituta.
Paris, Belgika, Ipar Euskal Herria, Jugoslavia, Kuba... izan zituen bizileku, beste herrietako askapen prozesuetatik ikasteko asmoz. Ekintzaile ez ezik, itzultzaile, mekaniko, nekazari eta beste hainbat lan egin zituen herri horietan guztietan.
Euskal mugimendu iraultzailearen une erabakigarrienak bizi izan zituen, hala nola, ETAren V. asanblea, 1966an, eta Jose Migel Beñaran Argalaren «ponentzia gorria» onartzea. Txibertako elkarrizketen berri zuzena izan zuen, Argalaren bidez, hain zuzen.
1977an Hego Euskal herrira itzuli zen, baina ez zuen bere militantzia utziko. 1998an Mexikoko Gobernuak Estatu espainiarrera bidali zuen eta 2003 arte kartzelan izan zen.
Begi onez ikusten zuen ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa, betiereko «berdinketa egoeratik» ateratzeko. Eta urte askoan, bizi osoa, borrokari lotuta eman ondoren, bizi izan zen bezala joan da; isilean, azken momentua arte betiko kezka buruan: Euskal Herriko askapen nazional eta soziala.