NAIZ
GASTEIZ

Mozal legea ezarri dio Lakuak Hala Bediko kide bati

Maiatzaren 18an Errekaleorreko argi mozketan egindako lana dela-eta isuna jarri dio Lakuako Gobernuak Hala Bediko kide bati, mozal legea ezarriz, irrati honek salatu duenez.

Errekaleorren aldeko manifestazioa, ekainaren 3an. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Errekaleorren aldeko manifestazioa, ekainaren 3an. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Eusko Jaurlaritzak zeuzkan asmoen jakitun, erresistentziarako prest zeuden goizean goizetik Errekaleorreko bizilagunak. Hala Bediko kide pare bat ere bertan zeuden ordurako, han gertatzen ari zenaren berri emateko. Beranduago hurbildu ziren komunikabideek, ordea, ez zuten han gertatzen ari zenaren inguruko informaziorik behar bezala emateko aukerarik izan, ertzainek auzora sartzea eragotzi baitzieten. Hori dela eta, han zeuden komunikabide gehienek, kordoi polizialaren bestaldetik ikusi eta kontatu behar izan zuten bertan gertatzen ari zen guztia. Hala Bedi izan zen, beraz, gertatzen ari zena barrutik kontatu ahal izan zuen medio bakarra», gogoratu du Arabako irrati libreak.

«Hala ere, Mozal Legea ez ezik, bestelako erasoak ere jasan behar izan zituen Hala Bedik egun hartan Errekaleorren. Salatu genuen moduan, ertzainetako bat Hala Bediko kideengana hurbildu eta haien kontra kolpeka eta bultzakaka hasi zen sakelekoarekin grabatzen ari zirelako. Kolpe eta bultzakada horien ondorioz, Hala Bediko kazetariari sakelekoa apurtu zioten. Kazetariak orduan, prentsa txartela erakutsi eta identifikatzeko eskatu zion poliziari. Honek, inongo azalpenik eman gabe, prentsa txartela eskuetatik kendu eta nortasun agiria eskatu zion Hala Bediko kideari. Azkenik, eta ahalegin askoren ondoren, txartelak itzuli eta ertzainak bere plaka zenbakia jakinarazi zion kazetariari, tonu mehatxagarrian honako hau gehituz: ‘Sabemos quienes sois, sabemos que sois del entorno radical’», gaineratu du Hala Bedik.

Orain, berriz, isuna ezarri diote mozal legea ezarriz. «Zigorra, ertzaintzaren esanetan, kordoi poliziala apurtzeagatik, ertzainen aurka egiteagatik … Gezurra, ez dute frogarik gainera. Guk geneukan froga, aldiz, apurtu ziguten mugikorrarekin grabatutakoa zen. Zoritxarrez, ezin izan ditugu artxiboak berreskuratu», salatu dute.

«2016ko ekainaren 22an, Eusko Jaurlaritzak ‘Mozal Legea ez aplikatzeko konpromezua’ hartu zuen. Ordutik, ordea, isunak, prozesu judizialak eta kazetariok gure lana egiteko dugun eskubidearen aurkako erasoak, azken hau, Hala Bediri», gaineratu dute. Irratiko asanbladak harturiko erabakiaren ondoren, ez dute isuna ordainduko.