@Maite_Ubiria
BAIONA

Parisek ez du aurkako jarrera erakutsi presoen hurbilketarako, oraingoz pausorik eman ez arren

Bake Bidea elkarteak ohar baten bidez jakitera eman duenez, atzo Frantziako Justizia Ministerioan eginiko bilerarik ez zuen aurrerapausorik ekarri. Bi aldeek eratutako lan eremuak epe laburrean emaitza zehatzak ekartzea espero duela azaldu du euskal delegazioak.

‘Orain presoak’ lelopean Parisen egin zen manifestazioak 11.000 lagun bildu zituen. (Isabelle MIQUELESTORENA)
‘Orain presoak’ lelopean Parisen egin zen manifestazioak 11.000 lagun bildu zituen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bileran, Parisek ez zuen «printzipiozko kontrakotasunik» agertu euskal presoak Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara hurbiltzeko, baina ez zuen hori gauzatze aldera aurrerapausorik eman. Era berean, DPS estatus berezia preso gehiagori kentzeko prestutasuna agertu zuen Ministerioak.

Euskal delegazioak ez du ezkutatu atzoko bilkurak utzitako ajea. Hartara, Frantziako Justizia Ministerioarekin eginiko hirugarren bilkurak «aldaketarik ekarri ez izana» deitoratu du prentsa agiri baten bidez.

Abenduaren 9an Parisen egin zen manifestazio jendetsuaren ostean, atzoko bilkurak «emaitza zehatzak» ekarriko zituelakoan zen euskal delegazioa. Are, urrunketa politikari amaiera emate aldera lehenengo neurrien esperoan joan zen Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Parisera.

Bilkurak ez zuen horrelakorik ekarri. Izan ere, ateak zabalik daudela epe laburrean emaitza zehatzak jasotzeko uste du delegazioak.

Bake Bideak bere oharrean zehaztu duenez, hurbilketa gauzatze aldera «ondoko asteetan preso bakoitzaren egoera banan banan aztertzeko» galdegin zuen euskal delegazioak.

Bestalde, iragan azaroan zazpi euskal presori DPS zaintza estatus berezia kendu ondoren, Justizia Ministerioak neurria presoen koektiboko beste kideei ere zabaltzeko nahikeria agertu zuen bilkuran.

Gauzak horrela, euskal ordezkaritza eta Ministerioaren arteko eztabaida eta lan espazioak «emaitza konkretuak emanen dituela epe laburrean» espero duela berretsi du delegazioak.