@arianekamio
Donostia

Marian Arregi musikaria hil da

Euskal dantza eta musika tradizionalaren berreskurapenean lan itzela egin izan du Juan Antonio Urbeltz bizi-lagunarekin batera. Gaur hil da 74 urterekin.

Marian Arregi, Juan Antonio Urbeltzekin batera, 2015ean Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zutenean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Marian Arregi, Juan Antonio Urbeltzekin batera, 2015ean Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zutenean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Juan Antonio Urbeltz izan du bizi-lagun azken bost hamarkadatan Marian Arregik (Donostia, 1944); haien bizitzek bat egin zutenean Goizaldi dantza taldean elkar ezagutu zutenetik. Dantza eta musika izan dituzte orduztik bizi-leku, bizi-gai.

Batez ere 60ko hamarkadan herriz-herriko lana egin izan zuen bikoteak. Antropologoa eta folklorista bata, musikaria bestea, euskal dantza eta musika tradizionalen berreskurapena eta berregitea izan da haien lana gidatu izan duen helburu nagusiena.

36ko Gerrak kulturak orokorrean, eta euskal kulturak areago, eten garrantzitsu bat bizi izan zuen, Errepublika garaian bizi izan zen loraldiari amaiera emanez. Diktadura abiatuta, ordea, berpizte berri baten lekuko izan zen kultura bere diziplina gehienetan eta Gerrak sortutako orbain hura sendabidean jarri zuten biek ala biek herriz-herriko biltze lan bati esker.

80ko hamarkadan sortu zen Argia dantza taldearen zuzendaritza hartu zuen bikoteak. Dantzaren eta sorkuntzaren alorrekoa Urbeltzek, musikarena Arregik. Euskal sinbologiarekin zerikusia zuten hainbat ikuskizun egin dituzte denbora honetan guztian, azkena, ‘Marin Zalakain’, Harkaitz Canok idatzi eta Ander Lipusen antzezpenarekin batera egindako ikuskizun dantzatu-dramatizatua.

Arregik eta Urbeltzek egindako lanak errekonozimendua izan zuen 2015ean Gipuzkoako Urrezko Dominarekin. Pasa den abenduan Txondorra saria jaso zuten Iruñean.