naiz
Altsasu

Martxoaren 16 eta 17an Altsasuko gazteekiko elkartasun ekimenak antolatzeko deialdia egin dute

Apirilaren 14an Iruñeko kaleak hartuko ditu Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioak, eta deialdia indartu asmoz ‘Ez da posible! ¡No es posible! It´s not possible!’ lelopean, mobilizazio asteburua deitu dute martxoaren 16 eta 17rako. Herri bakoitzean elkarretaratzeak, herri-bazkariak, auto-ilarak edo kontzertuak antolatzeko gonbitea egin dute, mezua zabaldu asmoz.

Apirilaren 14an Altsasuko gazteen epaiketa salatuko dute Iruñean eta gaur kartela aurkeztu dute. (Altsasu Gurasoak)
Apirilaren 14an Altsasuko gazteen epaiketa salatuko dute Iruñean eta gaur kartela aurkeztu dute. (Altsasu Gurasoak)

Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak plataformek, Sakanako herrian egindako agerraldian, apirilaren 14an Iruñean egingo den mobilizazioaren kartela iragarri dute. 17:30ean abiatuko da Golem zinemetatik. «Ziur gaude manifestazio horrek injustizia salatzeko eta askatasuna eta eskubide demokratikoen alde aldarrikatzeko inflexio-puntua ezarriko duela».

Deialdi hori indartu asmoz, martxoaren 16 eta 17an manifestazioaren aldeko ekintzak antolatzeko gonbitea egin dute «Altsasu martxa ailegatzen ez den tokietara zabaltzeko asmoz». Tokian tokiko ideietara egokitzeko aukerak daudela azpimarratu dute eta elkarretaratzeak, herri-bazkariak, auto-ilarak edo kontzertuak antolatzeko aukerak zabaldu dituze, «beti ere, manifestazioaren deialdian aldarrikatu bezala, aniztasunetik eta herritarrok biltzeko asmoz».

‘Ez da posible! ¡No es posible! It´s not possible!’ lelopean gauzatuko litzateke aipaturiko babes eta mobilizazio bihurtu nahi duten asteburu hau. Hala ere, daten malguasuna ere nabarmendu nahi izan dute eta edozein deialdik babesa eta bultzada emateko balio handikoa dela.

«Ez dira gure gazteak soilik aulkian eseraraziko dituztenak. Jendartearen etorkizuna dagoela jokoan, askatasuna eta eskubideetan eragiten duen nagusikeria gauzatzen denean, ezerk ez baitu bermatuko beste inori ez ote dion eragingo. Horretan esperientzia handia dugu», gaineratu dute.