Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal presoak Lannemezango presondegira gerturatu dituzte, Etxeratek baieztatu duenez.
Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak Lannemezango espetxera lekualdatu dituzte https://t.co/00T2x7G7YK
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) April 6, 2018
Agirregabiria santutxuarra, Fresneseko espetxean zegoen, sorterri duen Euskal Herritik 930 kilometrotara. Garitagoitia, bilbotarra ere, aldiz, 950 kilometrotara zegoen, Poissyn.
Hauekin, bederatzi dira dagoeneko frantziar Estatuan Mont-de-marsan eta Lannemezango espetxeetara gerturatu dituzten euskal preso politikoak. Lehen biak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Saint Maur eta Osnyko kartzeletatik Mont-de-Marsanera lekualdatu zituzten otsailaren bukaeran. Martxoaren hasieran, berriz, beste hiru preso lekualdatu zituzten: Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra. Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonneko kartzelan (550 kilometrora) aurkitzen ziren eta Salaberria, aldiz, Alençongo espetxean (830 kilometrora).
Era berean, martxoaren amaieran, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal preso politikoak Lannemezaneko espetxera gerturatu zituzten. Biak SaintMaur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora.
Hauetako bi, dagoeneko, aske geratu dira. Salaberria Donostiara itzuli zen 10 urteren ostean eta Mendizabal Arrasatera bost urteko espetxealdiaren ostean. Gerturatu dituzten presoetako biri, zigor luzeak ezarri zizkion Parisko epaitegiak.
Josu Urbieta lehenik eta orain Arkaitz Agirregabiria. Nerin poliziaren heriotzari buruzko dei auzian kartzela zigor luzeak jaso zituzten preso bi gerturatu dituzte. Auzian ETAk "nahi gabe" gertatu heriotza hura deitoratu eta doluminak eman zizkion hildakoaren familiari.
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) April 6, 2018