10.923 herritarrek –bozkatzera deituak zeudenen artean %11,83ak– eman dute botoa Gure Esku Dago mugimenduak Araba, Bizkaia eta Nafarroako 22 herritan deitu dituen herri galdeketetan, 17.00etako datuen arabera.
Bozkatu dutenen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea, Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkidea, Marian Olabarrieta Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen diputatua, Sabino Cuadra Amaiurreko parlamentari ohia eta Amurrioko –Josune Irabien–, Arakaldoko –Jabi Asurmendi–, Artziniegako –Iñigo Gomez–, Zigoitiako –Mikel de las Heras–, Laudioko –Natxo Urkixo– eta Zamudioko –Igotz Lopez– alkateak.
9.00etan ireki dituzte hauteslekuak, eta 16 urtetik gorako 92.304 herritar daude botoa ematera deituak. Herrien artean biztanle gehien dituena Portugalete da –40.801–; herritar gutxien dituena, aldiz, Arakaldo –125–.
Joan den ostegunean Laudion egindako agerraldi bateratuan, garrantzia berezia eman nahi izan zioten antolatzaileek gaurko egunera iristea ahalbidetu duen prozesuari: «Nahiz eta jakin maiatzaren 6ko galdeketen ondoren ez dela alkaterik aldatuko, argi dugu prozesu honek merezi izan duela».
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik nola gauzatu jakitera pasatu direla azaldu zuten, eta galdeketen ostean euren herriak «helduagoak, ahaldunduagoak, burujabeagoak» izango direla aurreratu zuten: «Eraiki nahi dugun etorkizunetik eta erabakitik hurbilago egongo gara; hurbilago gaude».
Gaurko galdeketen ostean 203 izango dira etorkizun politikoaren inguruan galdeketak egin dituzten herriak. Hurrengo olatua azaroaren 18an izango da, eta hiriburu bat hartuko du: Donostia. Irunen ere –60.000 biztanle– egun berean bozkatuko da.