naiz
iruñea

Altsasuko gurasoak 193. kilometroan izango dira Gure Esku Dagoren igandeko giza katean

«Erabaki judizialak Nafarroan, Euskal Herrian, har ditzaten aldarrikatzeko» Altsasuko auziperatuen gurasoek Gure Esku Dagok igandean antolatuko duten giza katean parte hartuko dute. Zigoitian izanen dira, ibilbidearen 193. kilometroan.

Altsasuko gurasoek eta Gure Esku Dagok Iruñean aurkeztu dute elkartasun kilometroa. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Altsasuko gurasoek eta Gure Esku Dagok Iruñean aurkeztu dute elkartasun kilometroa. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Altsasuko auziperatu, senide eta herritarrek elkartasun kilometro bat izanen dute Gure Esku Dagok igandean erabakitze eskubidearen alde egingo duen giza katean. Ibilbidearen 193. kilometroan elkartuko dira, Zigoitian, nafarrei dagokien kilometroetako batean. «Erabaki judizialak Nafarroan, Euskal Herrian hartzea» defendatu nahi dute eta, bide batez, «espainiar Estatuaren errepresioa salatu».

Kilometro honen aurkezpena egin dute elkarrkein Altsasu Gurasoak eta Gure Esku Dago ekimeneko kideek Iruñeko auzitegien aurrean, eta atzoko atxiloketak ere izan dituzte gogoan: «Haserre gaude. Minduta. Nazkatuta. Baina era berean, inoiz baino batuago, inoiz baino indartsuago. Mendekuari eta injustiziari, duintasunarekin eta herri erantzun irmo batekin aurre egingo diogu», adierazi du Bel Pozuetak.

Gogora ekarri dute auzia Nafarroan epaitzea behin baino gehiagotan eskatu dutela «erabaki judizialak tokian toki hartu behar direlako». Baina kasua espainiar Auzitegi Nazionalean epaitua izan zen eta 13 eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete Altsasuko zortzi gazteei. «Madrilera eraman gintuzten, Nafarroatik 400 kilometrotara dagoen auzitegi batek erabaki zezan gure seme alaben etorkizuna. Eta mendekuz epaitu gaituzte», azpimarratu dut Pozuetak.

«Interes politikoen menpe jarri dituzte», gehitu du. «Haien etorkizuna dago jokoan eta Euskal Herriarena baita ere». Hola, hilaren 16an Iruñean eginen den mobilizaziorako deia egitearekin batera, igandeko giza katean parte hartzeko beharra nabarmendu dute. «Herri hau etsipenean eduki nahi dute, baina ez dute lortuko. Herritarrok irudikatzen eta eraikitzen ari garen etorkizuna gure esku dago».