Donostiako Aste Nagusian, beste urte batez, Piratek «jai eraldatzaile, euskaldun eta parte hartzaile» batzuk antolatu nahi izan dituzte eta, ohi legez, musikak espazio garrantzitsu bat izango du bertan. Eta aurten eszenatoki gainean emakumeen pairatzen duten presentzia urriari erantzuna eman nahi zian diote. «Gozamenerako zein aldarrikapenerako tresna da musika, egitarauak Piraton kezka eta mezuak islatzen dituen heinean. Hortaz, aurtengo egitarauan emakumeei zor zaien eremua eman nahi izan zaie».
Aniztasuna izango da nagusi Flamenkako eszenatokian, talde gazte, beterano, bertako, kanpoko, euskaldun zein erdaldun igoko dira-eta. Fun & Go zarauztarrek irekiko dute gunea abuztuaren 11an. Bigarren gauean, aldiz, Herrialde Katalaneko The Capaces taldeak bidea irekiko die Des-Kontrol arrasatearrei.
Abuztuaren 13an «abordatze eguna» izango du gipuzkoar hiriburuak. En Tol Sarmiento arabarrek jarriko dute dantzan arratsaldea eta iluntzerako Galizako Ezetaerre taldea iragarri dute. Abordatze egunean ezin falta Skakeitan, duela urte batzuk Piraten abestia osatu zuen taldea.
Hurrengo egunean emakumeak eta elektronika izango dira protagonista. Krii Kolektiboko Frances Be, Eddie Mae eta Les Alsborregach DJ-ek house, techno, beats eta doinu dantzagarriak plazaratuko dituzte.
Green Valley eta Mad Muaselek hartuko dute Flamenka abuztuaren 15ean, ska-reggae-dancehall doinuekin. Hilaren 16an, berriz, rocka nagusituko da. Niña Coyote eta Chico Tornado protagonista izango dira, Miren Narbaizeren Mice proiektuarekin batera.
Ostiral gauean, abuztuaren 17an, Olatz Salvadorrek eta Anje Duhaldek emanen dute gozatzeko aukera. Larunbatean itxiko da Flamenka gunea, Serrulla donostiarrak eta Belako mungiatarrekin.