Jon Ormazabal

Erik Jaka eta Victor ligaxkarako sailkatu dira bi partida arras desberdinetan

Lizartzakoak 22-11 irabazi dio erraztasun handiak eman dizkion Arteagari eta errioxarrak buelta eman dio 17-13 galtzen zuen partidari, azken 9 tantoak segidan eginda.

Victor Esteban pilota astintzen (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Victor Esteban pilota astintzen (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Ostiralean Altsasun nagusitu zen Joseba Ezkurdiarekin batera, Erik Jaka eta Victor Estebanek ere Lau eta Erdiko final laurdenak jokatuko dituzte, Axier Arteaga eta Julen Retegi kanporatu ostean. Bihar Tolosan Elezkano eta Irribarriraren lehiaren arteko irabazleak osatuko du ligaxka.

Oso partida desberdinak izan dira Labriten jokatutako biak. Gipuzkoarren artekoan, Erik Jakak uste baino askoz errazago irabazi dio erraztasun handiak eman dizkion Axier Arteagari. Lehiaren giltza partidaren hasieran egon da, konturatzerako, Aspekoa 10-1 aurreratu da eta. Tanto horietatik, zazpi gainera, sakez egin ditu lizartzarrak.

Sake horietako asko eramatekoak ziren gainera eta Lasarte-Oriakoarentzat zama handiegia izan dira. Piloteoa luzatzea lortzen zuenean Arteaga nagusi zen, baina gauza onerako huts gehiegi batu ditu.

Arratsaldeko bigarrenean, Victor Estebanek azken Buruz Burukoaren arantza atera du Julen Retegiri nafarrak ondo bideratuta zuen partida bati buelta emanaz. Sakearekin zalantza handiak izan dituen arren, partida serio osatu du Eratsungoak lehen erdian eta botera jokatuz, 14-8 eta 17-13 ere aurreratu da. Hala ere, garaipena bideratuta zuela zirudienean, erraztasunak eman dizkio Ezcaraykoari eta honek ez du barkatu. Behetik gora eginez, partidako azken bederatzi tantoak segidan egin ditu eta A multzoko ligaxkan arituko da Altuna III.a, Olaizola II.a eta Ezkurdiarekin batera.