naiz
Gasteiz

‘Gasteiztarrongandik gertu’, Armintia ikastolak antolatuko duen Araba Euskaraz jaiaren leloa

2019ko Araba Euskaraz jaia Gasteizko Armentia ikastolak antolatuko du eta gaur jakinarazi dutenez ‘Gasteiztarrongandik gertu’ izango da leloa. Jaialdia ekainaren 16an izango da, baina azarotik hasita hainbat ekimen egingo dituzte herrialde guztian zehar.

2019 Araba Euskara jaialdiko irudia eta leloa aurkeztu dituzte.
2019 Araba Euskara jaialdiko irudia eta leloa aurkeztu dituzte.

Gasteizko Armentia ikastolak antolatuko du 2019ko Araba Euskaraz jaia eta Liher Larreak, ikastolako Lehendakariak, azaldu bezala helburua «gertu egotea» da. «Gasteizko eragileengandik gertu, hiria euskalduntzetik gertu, Arabako herrietatik gertu, euskalgintzatik gertu, berdintasunerako gertu, emateko gertu eta finean, zoriontsu izatetik gertu». 

Zentzu horretan, ‘Gazteiztarrongandik gertu’ izango da leloa. 1981 urtean ospatu zen lehendabiziko aldiz Araba Euskaraz eta ordutik urtero ospatu den jaialdi honek milaka eta milaka arabar batu ditu, euskaraz, herrialde osoan zehar. Armentia ikastolak aldiz 25 urte bete ditu eta dagoeneko 1200 ikasle baino gehiago ditu. «Jaialdiarekin proiektua sendotzera goaz», azaldu du Larreak. Euskararentzako Araban urte «biziki garrantzitsua» dela nabarmendu dute «Euskaraldia, Korrikaren bukaera eta Araba Euskarazekin».

Armentiak Arabako Ikastolen Jaialdia 2006 urtean antolatu zuen azkenekoz eta ordutik «13 urte igaro direlako Araba Euskaraz antolatzeko gogotsu gaude», azaldu dute Naroa Velasco eta Iratxe Valle ikasleek. Hori dela eta kultur egitaraua urte osora zabaltzeko apustua egin dute. «Jaialdia ekainaren 16an izango bada ere azarotik ekainera antolatu nahi ditugu kultur eminak, bai Gasteizen baita Araba osotik ere, hau da, herrietan ere eraginez».