NAIZ
IRUÑEA

Hizkuntza gutxiagotuak izango ditu hizpide Euskaltzaindiaren nazioarteko biltzarrak, Iruñean

Euskaltzaindiak 21 hizlari bilduko ditu heldu den urtarrilaren 17an eta 18an Iruñeko Baluarte jauregian, ‘Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia’ lelopean egingo duen nazioaerteko biltzarrean.

Iruñeko Baluarte jauregian egingo du nazioarteko biltzarra Euskaltzaindiak. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iruñeko Baluarte jauregian egingo du nazioarteko biltzarra Euskaltzaindiak. (Iñigo URIZ/FOKU)

Baionako solasaldiaren eta Arantzazuko nazioarteko biltzarraren ondoren, mendeurrenaren baitan Euskaltzaindiak antolatzen duen hirugarren jardunaldi akademikoa izango da Baluarten urtarrilaren 17 eta 18an egingo dena.

«Hizkuntza gutxiagotuei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu nahi da biltzar honetan, beste lurraldeetan egiten den lana Euskal Herrikoarekin uztartzeko», iragarri du Sagrario Aleman Akademiako Sustapen batzordeko buruak gaur egin den aurkezpenean.

Biltzarrean parte hartuko duten adituak hauek dira, besteak beste: Alain Viaut Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko irakaslea; Jeroen Darquennes (University of Namur-Belgika); Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d'Estudis Catalans), edo Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea).

Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu duenez, biltzar hau baliatu nahi dute «akademia desberdinen arteko sare sendo bat osatzeko».

Azaldu du Euskaltzaindiak hasieratik izan dituela bi sail, Iker eta Jagon, hau da, euskararen normatibizazioa eta normalizazioa, eta bigarrenari ekingo diotela Iruñean, bertara bilduko baitira hiru osagai nagusi hauek jorratzeko: batetik, Euskaltzaindiak historian zehar egin duen euskararen normalizaziorako ibilbidea aztertuko da, Jagon sailaren eskutik; bestetik, nazioarte mailan eta Euskal Herrian egun indarrean dauden araudiak eta esperientziak partekatuko dituzte, hizkuntza gutxiagotuen inguruko sarea ehunduz; eta, azkenik, Akademiaren barruan Jagon saileko Sustapen batzordearen lana bizkortu nahi udte, Euskaltzaindiak arlo honetan egin dituen ekarpenak agertuz. Ildo horretan, ‘Euskaltzaindiaren Adierazpenak (1976-2018)’ eta ‘Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz argitaraldi berri eta elektronikoak aurkeztuko dituzte.

Urrutiak azpimarratu du ahalegin berezia egingo dela biltzarrean hizkuntza gutxiagotuen akademia desberdinen arteko elkarlana sustatzeko.