NAIZ
Donostia

Lehen sorospenerako arreta eskola-curriculumean txertatzen lehena izanen da Orereta Ikastola

Herritarrak osasun arretan ahalduntzeko bidean pauso bat gehiago da Oreretako Ikastolak eman duena. Emergentziak Osakidetza erakundearekin eta EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin elkarlanean landu eta abiatu du ikastetxeak proiektua: lehen sorospenerako arreta eskola-curriculumean txertatzea. Prozesua dokumentatu, eta nahi duen ororen esku jartzea da asmoa.

Jesus Rubio (EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanorde-kudeatzailea), Karlos Ibarguren (Emergentziak Osakidetzako Asistentziako eta KSUko arduraduna) eta Anartz Muxika (Orereta Ikastolako zuzendari nagusia). [Jon URBE/FOKU]
Jesus Rubio (EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanorde-kudeatzailea), Karlos Ibarguren (Emergentziak Osakidetzako Asistentziako eta KSUko arduraduna) eta Anartz Muxika (Orereta Ikastolako zuzendari nagusia). [Jon URBE/FOKU]

Orereta Ikastola izanen da lehen sorospenerako arreta eskola-curriculumean txertatuko duen Euskal Herriko lehen ikastetxea. Emergentziak Osakidetza erakundearen eta EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ezinbesteko aholkularitzari eta laguntzari esker emanen du pausoa.

Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa Jesus Rubio Pilarte (EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanorde-kudeatzailea), Karlos Ibarguren Olalde (Emergentziak Osakidetza erakundeko Asistentziako eta KSUko arduraduna) eta Anartz Muxika Andresek (Orereta Ikastolako zuzendari nagusia). Azaldu dutenez, ikastetxeko komunitate osoa (gurasoak, ikasleak eta langileak) inplikatzean eta ahalduntzean dago gakoa.

Lehenik, ikastolako osasun munduko hainbat gurasok eta zenbait langilek talde eragile bat osatu dute. Lehen sorospenerako formazio sakona emanen diete horiei Emergentziak Osakidetzako langileek. Hori eginda, talde eragile hori arduratuko da ikastolako langile guztiak eta DBHko ikasleak formatzeaz. Datorren ikasturtetik aurrera, hala nahi duen ikastolako guraso orori ere formazioa eskaintzea da asmoa. Ikastolako komuniteak jaso eta emanen du formazioa, beraz; jakintza bertan gera dadin.

Aipatutako ahalduntzeaz gain, ikastolako eraikin bakoitzean desfibriladore bana jarriko dute (bost, denetara) eta suspertzea nola egin ikasteko hogeita hamar panpin erosiko dituzte. Ekintza protokoloak idatzi eta horren arduradunak ere izendatu dira, hala beharrezko balizko kasuetan nola jokatu eta zein pauso eman jakin ahal izateko.

Formazioa ikasturtero egingo da, iraunkorra eta eguneratua izan dadin. Aurtengoari dagokionez, talde eragilea osatua dago jada eta otsailaren hasieran formazio saio sakona emanen dio Emergentziak Osakidetzak. Ondotik, ikastolako langile eta ikasleak prestatuko dituzte. Ikasturte amaierarako bukatzea aurreikusten dute.

Prozesu honetan guztian Oiartzo Batxilergo Ikastolak ere hartuko du parte, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak eta Orereta Ikastolak elkarrekin osatutako fundazioa baita.