NAIZ

Akordioa lortuta, bertan behera utzi dute astearterako deitua zegoen eskola-jantokietako greba

Ohar bidez jakinarazi du LABek pasa den ostiralean langile asanbleek berretsi egin zutela bezperan sindikatuek lortutako akordioa eta bertan behera utzi dute astearterako EAEko eskola-jantokietan deitua zuten greba.

Astearteko greba deitzeko egindako agerraldiko une bat. (Marisol RAMIREZ / FOKU(
Astearteko greba deitzeko egindako agerraldiko une bat. (Marisol RAMIREZ / FOKU(

LAB, CCOO eta UGTk gaur sinatu dute EAEko ikastetxe publikoetako eskola-jantokietako hitzarmena eta ondorioz bertan behera utzi dute biharko deitua zuten greba eguna.

Sektore honetan lanean ari diren 7.000 pertsonak zoriondu ditu LABek eta nabarmendu du «lehen helburu handia» lortu dutela, soldaten ekiparazioa. Hala ere, aurrera begirako erronkak zehaztu ditu «lan-baldintzen homologaziorako beste borroka bat hasten da» esanda. Helburu berriak modu honetan zerrendatu ditu: enpleguari eustea, ratioak hobetzea, funtzioen definizioa eta lan berdinak baldintza berberak izatea.

2023 artekoa da sinatutako hitzarmena. Enpresa pribatuek kudeatzen dituzten sukaldeko langileen soldata gainerakoekin berdinduko da irailetik aurrera eta langile laguntzaileen soldatak Hezkuntza Sailburuaren menpeko direnekin alderatuz %98ra berdinduko dira hasieran, %100ra iristeko urte gutxian. 

Ostegunean lortu zuten lehen akordioa gaur hura sinatu duten sindikatuek eta biharamunean aztertu zuten langileek hiru herrialdetan egindako asanbleetan. Eskola-jantokietako langileek akordioa onartu eta greba bertan behera uztea erabaki zuten.

ELAk «patronalaren ultimatumaren» aurrean «amore ematea» egotzi die gainerako sindikatuei.