Ion SALGADO

Zinemak eta jaietarako deiak bat egingo dute Kepa Sojok Gasteizen emango duen pregoian

Kepa Sojo zine zuzendaria izango da Gasteizko jaietako pregoilaria. «Zinemak eta jaietarako deiak bat egingo dute, eta nire ustez dibertigarria izan daiteke», adierazi du.

Kepa Sojo zine zuzendaria. (NAIZ)
Kepa Sojo zine zuzendaria. (NAIZ)

Kepa Sojo zine zuzendaria izango da Gasteizko jaietako pregoilaria, eta komunikabideen aurrean azaldu duenez, abuztuaren 2an Plaza Berrian emango duen pregoia zinematografikoa izango da. «Zinemak eta jaietarako deiak bat egingo dute, eta nire ustez dibertigarria izan daiteke», azaldu du.

Halaber, berarentzat pregoilaria izatea ohore bat dela aitortu du, izan ere zinemagile laudioarrak Gasteizen ikasi zuen eta duela hogei urte hasi zen klaseak ematen Arabako Campusean. Berak egindako azken filmaren –'La pequeña Suiza'– zenbait eszena hirian filmatu zituen.

«Eskerrak eman nahiko nizkieke Udalari eta Estibaliz Canto zinegotziari. Orain arte bizi izan ditut jaiak enparantzatik, kaletik, eta orain agertokitik ikusiko ditut», azaldu du, eta oraindik ere gidoia zehaztu behar duela ohartarazi du. «Nik hitz egingo dut, eta komikoa izango da, baina ez dut egingo performance bat», gaineratu du.

Amaitzeko, Araba eta Gasteiz filmak egiteko leku aproposak direla esan du, eta hirian dagoen Film Office indartu behar dela nabarmendu du. Dena den, Gasteizen gero eta film gehiago egiten direla aitortu du. 'El silencio de la ciudad blanca', esaterako, iaz filmatu zen, eta bertan agertzen dira Gasteizko jaietako eszenak.

Film horretan ikusiko da Zeledonen jaitsiera, abuztuaren 4an Andre Mari Zuriaren jaiei hasiera emango diena. Aurretik, abuztuaren 2an Sojok pregoia irakurriko du Plaza Berrian, eta egun berean irekiko da Gasteizko Txosnagunea Arabako Campusean.