Sarari bere burua deskribatzeko eskatzen diotenean, «ni pertsona normal bat naiz» esaldiarekin erantzuten du. Normaltzat jotzen du bere egunerokotasuna, bizi duen egoera prekarioa, eta ‘normaltasun’ horretatik saiatzen da, egunerokoan, aurrera egiten.
Normaltzat hartzen denaren eta ez denaren arteko gogoeta dakarkigu Belen Funesek ‘La hija de un ladrón’, bere lehen luzemetraian. Kataluniako langile klaseko familia bat da filmeko protagonista: aita (Eduard Fernandez) espetxean dutela-eta, Sara (Greta Fernandez) gazteak, bere buruaz gainera, izan berri duen semea eta Martin anaia gaztea ere zaindu beharko ditu, eta horretarako lana eta bizilekua lortzea ezinbesteko egingo zaizkio.
Aitak, baina, ez dio bidea erraztuko: Sarak ematen duen pauso bakoitzeko aitaren itzala agertzen zaio, ‘normaltasun’ horretara are gehiago lotuz.
Eduard Fernandez (Zinemaldi honetan ‘Mientras dure la guerra’ filmean ere ikusi dugu) eta honen alaba Greta dira filmeko protagonistak eta, bizitza errealean bezala, fikzioan ere aita-alaben rola jokatzen dute. Harreman arantzatsua da euren pertsonaien artekoa, baina filmean Funesek ez digu zergatia argitzen: «Orainaldiari lotutako filma egin nahi nuen, unean gertatzen denaren aurretik eta ostean dagoena ikusleak iger zezala», esan du. Eduard Fernandezen hitzetan, «hori da filme honen gakoetako bat, ikusle bakoitzak bere iruditeria jarri behar du lanean».
Hala ere, aita-alaben artean iraganean gertatu denaren sekuentzia idatzi eta filmatu ere egin zutela esan du Funesek, «baina ikustera eseri ginenean ‘eta kentzen badugu zer?’ galdegin genuen; berdin ulertzen zen eta, gainera, irabazi egiten zuen pelikulak».
Bazterreko Bartzelona
Gidoia alaben bidez jaso zuela kontatu du Eduard Fernandezek. «Bera zela protagonista eta aita bat behar zutela esan zidan, eta bidaia hau eurekin egitea erabaki nuen, oso gutxitan kontatu den Bartzelona batez ari delako filma, eta, gainera, egia aurretik dela kontatzen duelako istorioa».
Greta Fernandezek eszena zehatz bat izan du hizpide. Bere pertsonaiak aitari bere bizitzatik desagertzeko eskatzen dio, zehazki «hiltzen ari naiz, baina ni ezin naiteke hil», esaten dio. «Eszena gogorrenetako bat da. Aita-alaben arteko harremana apurka joan ginen lantzen baina bera nire aita da, begietara begiratu eta hori esatea gogorra egin zitzaidan. Nire ardura esaldi hori gure inkontzienteetan iltzatua ez geratzea zen», ziurtatu du.
Bizitza errealean aita-alabak izatek lana erraztu diela uste dute biek, baina Eduard Fernandezek nabarmendu du zaila egin zitzaiola «harreman txar hori irudikatzea. Gidoia ona zen eta horrek asko lagundu zigun, pausoz pauso joan ginen, gidoia jarraituz, eta Belenek argi zuenez zer, noiz eta nola kontatu nahi zuen, horri heldu genion».
Greta Fernandezen pertsonaiaren inguruan ere aritu da Funes. «Jende gaztea protagonista duten filmak iniziatikoak izaten dira gehienetan, baina Sarak jada dena daki, ez dago ezer berririk beretzat 21 urte soilik dituen arren. Begizulodun neskato bat zela esaten genuen filmaketan, tokatzen ez zaion gaztetasuna bizitzen ari den gazte bat». Hala, ama bada ere, haurra urruneko egiten zaio: «Nenucoren iragarkitik urrun dagoen amatasuna da berea, batzuetan ez daki haurra zergatik izan duen ere, baina konpromiso handia du harekiko. Kosta egiten zaio maitatzea, ez diotelako maitatzen irakatsi». Eta bakardadea ere sentitzen du, «hiperkonektatuta gauden mundu honetan, berari inork ez dio deitzen».
Amaitzeko, filmaren izenburuak Sarak jaso duen herentzia guzti horri egiten diola erreferentzia esan du Funesek: «Aita espetxetik irteten denetik Sara lapurraren alaba da, eta ez dio sekula izateari utziko».