Azken hamaika urteetan Seaskako lehendakaria izan den Pascal Indo eta bere semeak txalaparta hotsekin eman diote hasiera ikasturte berrirako irekiera ekitaldiari. Ordea, egun berezia zen gaurkoa, Seaskaren 50. urteurren besta ere ospatzen baitzuten, eta horrez gain, eraikin berria estreinatu dute Baionako Bernat Etxepare Lizeoan.
Besteak beste, Max Brisson senataria, Alain Rousset, Akitaniako Eskualde Kontseiluko lehendakaria edo Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza politika eta Kultura sailburua aurkitzen ziren bertaratuen artean. Izan ere, Peio Jorajuria, Seaskako lehendakari berriak adierazi duenez, «erakunde publikoetakoetatik jaso dituzten diru laguntzengatik ez balitz, ezinezkoa litzateke eraikin berria eraikitzea». Seaskako lehendakari berriak, gainera, bere aurretik postu berean izan ziren 14 kideek egindako lana eskertu du. Bi dantzarik aurreskua dantzatu diete Seaskako lehendakari ohiei eta txalo zaparrada beroa jaso dute.
Hazkundea eta erronkak
1969. urtean hasi ziren bost ikaslerekin Arrangoitzen eta egun 4.000 ikasleko langa gainditu dute Ipar Euskal Herriko Ikastolek. Bernat Etxepare Lizeoa duela bi urte ireki zuten, eta jada txiki geratu da. Egun, 373 ikasle, 49 irakasle eta 20 langile ditu lizeoak, hamaika gela gehitu dituzte, barnetegiko ikasle kopurua bikoiztu egin da (ehun ikasle baino gehiago dira), lanbide heziketan 10 ikasletik 40 ikasle izatera psa dira, eta Bernat Etxepareko sukaldetik 4.000 bazkari banatzen dira egunero Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastoletara.
«Etorkizunerantz hezkuntza eraldatzen» goiburua zuen aurtengo irekiera ekitaldiak, eta hain zuzne ere, garai berriei egokitzeko beharra azpimarratu dute ekitaldian parte hartu duten ordezkari desberdinek. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak «erronka berriei herri bezala erantzuteko» beharra nabarmendu du. Bingen Zupiriak, ostera, euskaraz ez zekiten dozena erdi lagunentzat itzulpen-zerbitzua jarri duten arren, lehenik frantsesez hitz egin du, eta «duela 50 urte euskaraz hitz egiten zutenak ongi ikusiak ez ziren arren, egun onartuak» direla oroitarazi du.
Beñat Arrabite, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakarik ere hitz egin du, eta ekitaldian parte hartu ezin izan duen Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariaren gutun bat irakurri du.
Ikasleek ere parte hartu dute ekitaldian, batzuek abesten eta besteek dantzan. Hitzartzeen ostean,Reggaeton, trikitixa eta euskal dantzak nahastuz, ikuskizun ederra eskaini dute «terminaleko ikasleek», eta horren ostean, eraikin berria estreinatzeko xingola moztera abiatu dira ordezkari politikoak zein erakunde desberdinetako bozeramaileak. Inguruan, Seaskaren 50. urteurrena ospatzera urbildu diren 200 lagun besta giroan murgildu dira.