Naiz

Getxoko 18. Komiki Azokak hainbat jarduera eta 43 salmenta gune izango ditu

Urtero bezala, azokan komikigintzako gonbidatu bereziak izango dira, tartean, Marika Vila, Gabrielle Bell, Ulli Lust, Max, Javier de Isusi, Laura Pérez, Flativa Banana, Artur Laperla, Judith Vanistendael, Pepe Larraz, David López, David Lafuente, Salva Espín, David Rubín, Mamen Moreu, Alvaro Martínez eta Agustín Ferrer.

Komikizaleek aukera ugari izango dituzte gustoko dituzten pertsonaien abenturak eskuratzeko. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Komikizaleek aukera ugari izango dituzte gustoko dituzten pertsonaien abenturak eskuratzeko. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Getxoko Komiki Azokaren 18. edizioa ospatuko da ostiraletik igandera. Honek hainbat jarduera eta merkataritza eskaintza zabala eskainiko ditu, besteak beste, salmentarako 43 gune.

Iazko moduan, azokak bi gune izango ditu. Alde batetik, Areetako Geltokia plazako karpan 43 saltoki postuak egongo dira: komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Bestetik, Romo Kultur Etxeak jarduera programa bizia izango du, besteak beste, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta lantegiak.

Ohikoa denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo, horietako batzuk nazioartean sona handia dutenak, eta hitzaldietan eta aurkezpenetan parte hartuko dute. Gonbidatuok sinadura saioak ere egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten; sinatze txandak Romo Kultur Etxean eta karpako saltokietan izango dira.

Aurtengo gonbidatuen artean daude Gabrielle Bell, Ulli Lust, Max, Javier de Isusi, Laura Pérez, Flativa Banana, Artur Laperla, Judith Vanistendael, Pepe Larraz, David López, David Lafuente, Salva Espín, David Rubín, Mamen Moreu, Alvaro Martínez eta Agustín Ferrer.

Egile gonbidatuen artean Marika Vila nabarmendu du antolakuntzak, 1970eko hamarkadaren amaieran sortutako egile komikiaren eta komiki feministaren erreferentzia. Egile bartzelonarrari omenaldia egingo dio Getxoko azokak bere ibilbide artistikoa saritzeko. Halaber, Bilboko Joker liburu denda ere omenduko dute, merkataritza eskaintzaz gain, lan handia egiten baitu komikia zabaltzeko hainbat kultura ekimen bultzatzen.

Komiki erakusketak ez dira faltako. Hala, Bizkaia Zubian Higi Vandisen ‘Jarana’ erakusketa urriaren 31ra bitarte dago ikusgai; Torrene aretoan, berriz, ‘Idazlumak eta binetak’ egungo komiki arabiarraren lanak bilduko ditu hilaren 27ra bitarte. Gainera, azokaren karparen inguruan, Mikel Santos «Belatz»-en ‘Lucio Urtubia: Una vida de lucha, en viñetas’ erakusketa ikusi ahal da urriaren 20ra bitartean, eta, Algortako Kultur Etxean, Iñaket eta Mikel Begoña egileen ‘Ötzi, komiki kalkolitiko bat’ izenekoa bisitatu ahalko da.

Azkenik, azokaren eskaintza borobiltzeko, Kataluniako Museu D'Art museotik heldutako erakusketa izango da Getxon: ‘El Víbora. Comix Contracultural’. Aldizkari ospetsuaren agerpenaren 40. urteurrena ospatzen da erakusketarekin. ‘El Víbora’-k (1979-2004) ezin hobe irudikatu zuen demokraziaren hasieran Bartzelonan bizi zen sinkretismo kulturala. Bere orrietan 1970eko hamarkadan underground kultura abian jarri zuten zenbait egileren lanak argitaratu ziren. Erakusketan aldizkariaren ibilbidea gerturatuko zaie zaleei artista ezagunenen lan originalen bitartez.