Martxelo DÍAZ
IRUÑEA

Dena prest Tuteran Nafarroa Oinez igandean ospatzeko

Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian ospatuko da aurten Nafarroa Oinez, Argia Ikastolak antolaturik. Gaur aurkezpena egin dute Iruñean eta igandean lanean egongo diren 1.500 bolondresen garrantzia nabarmendu dute.

Unai Arellano (Txikiak Handi egitamoa), Maru Eriz (Argia ikastolako presidentea), Argiñe Korta (Argia ikastolako zuzendaria) eta Josu Reparaz (NIEko zuzendaria) gaur Iruñean egin duten aurkezpenean. (@MartxeloDiaz)
Unai Arellano (Txikiak Handi egitamoa), Maru Eriz (Argia ikastolako presidentea), Argiñe Korta (Argia ikastolako zuzendaria) eta Josu Reparaz (NIEko zuzendaria) gaur Iruñean egin duten aurkezpenean. (@MartxeloDiaz)

Laugarren aldia da Tuterako Argia ikastolak Nafarroa Oinez antolatzen duela. Eta honakoan ere aurrekoetan zituzten helburu berberak dituzte. Ade batetik, proiektua jasangarria izateko egin behar izan ziren inbertsioek sortutako zorrak murriztea. Bestetik, ikastetxeak behar dituen mantentze lanak egite. Eta azkenik, proiektu pedagogikoak aurrera eramatea.

«Argia ikastolaren komunitate osoaren desioa da Erriberan euskararen normalizazioaren alde lanean segitzeko beharrezkoa dugun markoa jartzen jarraitzea», gaineratu dute. lldo horretan, igandean lanean arituko diren 1.500 lagunak aurrerapauso handia dela nabarmendu dute.

Igandean Errigora ekimena omenduko du Argi ikastolak, nekazariak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak uztartzeagatik eta bide batez euskara Erriberan bultzatzeagatik. Izan ere, 2012an Errigora martxan jarri zenean Argia ikastola ere hor zegoen elkarlanean. Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIEk) berriz Dani Lopez omenduko du euskara Erriberan indartzeko egindako lanarengatik.

Txikiak Handi ekimenari dagokionean, aurten Tutera, Tolosako eta Baionako ikastoletako DBH 4. mailako ikasleak urtean zehar egindako lana erakutsiko dute. Euskal Herrian urrun dauden eskualdeak ezagutzeko parada izan dute ikasle hauek. Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza jaso du ekimen honek.

Nafarroako iparraldetik, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herritik datozen autoentzat eta autobusentzat sarbidea AP-15a izango da, eta 6. irteeran elkartuko dira A-68arekin. Bizkaitik eta Arabatik doazenak, berriz, AP-68tik iritsiko dira eta 18. irteeran egingo dute bat A-68arekin.

Tutera bertatik ibilbidera hurbiltzeko autobus zerbitzua antolatu da ordu erdiro geltoki intermodaletik.

Lizarrako ikastolak hartuko du Nafarroa Oinez datorren urtean antolatzeko ardura.