ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta CGT-LKN sindikatuek bat egin dute Kontseiluak Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen dekretuaren kontra aurkako epaia salatzeko deitu duen kontzentrazioarekin. Horrela adierazi dute gaur Iruñean egin duten agerraldian.
Sindikatu guztien izenean, Araceli Montes eta Iratxe Alvarezek azaldu dutenez, epai honek «Nafarroako Gobernuak arlo horretan egin dituen urrats apalak berriz ere gibelatu» ditu. «Ezin onartuzkoa da administrazio publikoan hizkuntza-eskubudeak behin eta berriz urratzea», gaineratu dute.
«Euskarak, bertako hizkuntza minorizatua denez, babes-legeak behar ditu, diskriminazio positiboa; eta ez bigarren mailako hizkuntza gisa hartzeko baliabiderik», nabarmendu dute. Horregatik, Nafarroako Gobernuari epaiari helegitea aurkezteko eskatu diote.
Honekin batera, Nafarroan 1986koa ordezkatuko duen Euskararen Lege berri bat beharrezkoa dela frogatu duela epai honek esan dute. Modu honetan, zonifikazioa gainditzeko aukera egongo litzateke eta horrela nafar guztien hizkuntz-eskubideak bermatu ahal izango lirateke. «Bertzela, gaitzetsi dugun epaiaren kasuan bezala, epaitegiek ikuspuntu arras diskriminatzaileei eutsiko diete, eta gure hizkuntza arautzeko ahalmena zalantzan geratuko da», esan dute.
Tamalez, egoera ez dela ona adierazi dute sindikatu hauetako ordezkariek. Izan ere, Navarra Suma eta PSN alderdiek (azken honetako zenbait kontseilari eskuin-muturrak deituriko euskararen kontrako manifestazioan izan zirela gogoratu dute) eta UGT, Afapna, Sindicato Medico eta Satse sindikatuek «euskara behe-mailako hizkuntza gisa hartu behar dela, mendialdera mugatua, eta ahal dela etxe barnekoa, plazara atera gabe, eta jendartean izen onik eta estimaziorik jaso gabe» nahi dutela salatu dute.