Euripean hasi da eguna Tuteran, baina ireki diren eguzki izpiek tantak lehortu eta eguraldi politarekin ari dira milaka euskaltzale, une hauetan, Nafarroa Oinez festaz gozatzen. Ospatzeko eguna da gaur, baina ez bakarrik: aldarrikapenak egiteko bozgorailua ere bada. Irekiera ekitaldian Argia Ikastolako presidenteak, Maru Erizek, gogorarazi duen bezala, urte osoan zehar egiten da herrialdean euskararen aldeko lana. Lan gogorra eta malkartsua. Hala, «errespetua» eskatu dute euskarekiko.
Irekiera ekitaldian, Ikastolen elkarteaz gain, kulturgintzako militanteak, gizarte zibilaren ordezkariak eta alderdi politikoak ere bertaratu dira. EH Bildu, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu-Podemos eta EAJ. Nafarroako Parlamentuko presidentea Unai Hualde eta Jose Mari Aierdi bigarren lehendakariordea ere han izan dira. Azken honek adierazi duenez, honakoa bosgarren urtea da «euskararen aldeko gobernuarekin» ospatzen dela Nafarroa Oinez. Bere aburuz, azken bost urte hauetan «gauza asko» aldatu dira euskarak nafarroan duen osasunari dagokionez, baina onartu du «gora beherak« egon direla. Zentzu honetan, zera erantsi du: «Ez dira gutxi Gobernuak eta jendarteak berak elkarbizitza linguistikoa normalizatzeko eman ditugun urratsak, baina maizegi euskara iskabila iturri izan da».
Elena Zabaletak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, «Nafarroako ikastoletan, Argia Ikastolan, berrikuntzara irekita egiten dugu lan, gure helburua lortzeko: heziketa hobea izango duen gizartea; eta, ikasleek aditz hauek jokatzen ikas dezaten: errespetatzea, pertsonak nahiz ingurua; elkarri laguntzea, auzolana behar partekatu bihurtuz;eta maitatzea pertsonak, lurraldea eta haiek bereizi egiten dituzten hizkuntzak. Horregatik, epai ulergaitzen gainetik, nafar herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen jarraituko dugu, baita Erriberan ere, uste baitugu erkidegoen ondare kulturalaren barruan hizkuntzek lehentasunezko lekua betetzen dutela».
«Epai ulergaitza», besteak beste, Nafarroako Auzitegi Gorenaren azken ebazpena, zeinak bertan behera utzi dituen Administrazio publikoan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren zenbait artikulu.
Helburuak hiru dira
Helburu hirukoitza dute ikastolako arduradunek: alde batetik, proiektua jasangarria izateko egin behar izan ziren inbertsioek sortutako zorrak murriztea eta, bestetik, ikastetxeak behar dituen mantentze lanak egitea. Azkenik, proiektu pedagogikoak aurrera eraman nahi dituzte.
Errigora ekimena omenduko du gaur Argi ikastolak, nekazariak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak uztartzeagatik eta bide batez euskara Erriberan bultzatzeagatik. Izan ere, 2012an Errigora martxan jarri zenean Argia ikastola ere hor zegoen elkarlanean. Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIEk) berriz Dani Lopez omenduko du euskara Erriberan indartzeko egindako lanarengatik.
Txikiak Handi ekimenari dagokionean, aurten Tutera, Tolosako eta Baionako ikastoletako DBH 4. mailako ikasleak urtean zehar egindako lana erakutsiko dute. Euskal Herrian urrun dauden eskualdeak ezagutzeko parada izan dute ikasle hauek. Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza jaso du ekimen honek.
Festa posible egiteko lanean bolondres ari diren 1.500 pertsonen esfortzua ere goraipatu dute, auzo lanari esker lortu baita. «Ilusio eta espektatiba handiz betetako eguna da», onartu du Erizek, talde eta enpresa kolaboratzaileei eskerrak emanez. «Urte osoan zehar amestu duguna. Iragana, oraina eta geroa, errealitate desberdin eta esfortzu askoko urteak izan dira, garai bakoitzarekin bat etorri direnak», amaitu du.