Baionako prokuradoreak adierazpen bat irakurri du gaur arratsaldean hiriko auzitegian antolaturiko prentsa agerraldian. Marc Marieek xehetasunak eman ditu, atzo, 15.20ak aldera meskitan gertatu zen erasoari buruz.
Claude Sinkek, 84 urteko erasoaren ustezko egileak, atxilotuta jarraitzen du «hilketa saikaera» egiteaz akusatuta.
Prokuradoreak zehaztu duenez, Sinke meskitako sarreran sua ematera joan zen eta sarrera ondoan eserita zegoen gizonezko baten aurka tiro egin zuen.
Auto batean hurbildu zen bigarren gizonezko bati eraso egin zion horren ondotik. Kotxean bertan. Orotara gizonak hiru tiro jaurtiketa egin zituen.
74 eta 78 urteko bi pertsona horiek erietxean daude, baina beraien egoerak hobera egin du azken orduetan eta beraien bizitza ez dagoela arriskuan baieztatu du prokuradoreak.
Erasoa gertatu eta ordu gutxira atxilotu zuten Sinke bere etxean, Baionatik hamar kilometrora dagoen Saint-Martin-de-Seignanx herrian. Baionako BAC poliziak burutu zuen operazioa. Gizonezkoari errebolber at atzeman zioten. Baita gaz bonbona bat ere. Bere etxean, gainera, armategi txiki bat zeukan. Armak eta granadak.
Auzia oraindik ere Polizi Judizialaren esku dago. Izan ere, Parisko Fiskaltza antiterroristarekin «lan egiten dugu etengabe» gaineratu du Marieek. Azken instantzia honek oraindik ere ez du auzia bere gain hartzeko erabakirik hartu.
Eskola militarrean ikasia eta frantses Hezkuntza Nazionaleko irakasle ohia, Sinke Fronte Nationaleko hautagai gisa aurkeztu zen Landetako herrian 2015eko departamenduko hauteskundeetan.
Polizia-etxean zelarik «Notre Dameko sutearengatik mendeku hartu nahi zuela» aitortu omen du. Aspalditik meskita zelatatzen zuela eta erasoa egiteko «jende gutxien dagoen ordua« hautatu zuela gaineratu du.
Gizonezkoaren «buru-osasunari buruz zalantzak direnez», zerbitzu psikiatrikoen interbentzioa eskatu du Poliziak bere egoerari buruz iritzia eman dezaten.