Maider IANTZI

Udal Garapena aurkeztu dute, udalak eta euskalgintza elkarlanean aritzeko tresna

Kontseiluaren ustez, udalek aunitz egin dezakete hizkuntz eskubideak bermatzeko. Horregatik, `Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa: Udal Garapena´ dokumentua plazaratu du, Hego Euskal Herriko udalei zuzendua. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriko etxeentzako gida ere kaleratuko du aurki. 

Kontseiluak udalentzako dokumentu bat aurkeztu du, hizkuntza eskubideen bermean urratsak egitera gonbidatzeko. (Juanan RUIZ/FOKU)
Kontseiluak udalentzako dokumentu bat aurkeztu du, hizkuntza eskubideen bermean urratsak egitera gonbidatzeko. (Juanan RUIZ/FOKU)

Udalek aukera handiak dituzte eremu sozioekonomikoan hizkuntz eskubideak bermatzeko eta aisialdian, kulturgintzan eta hedabideetan eragiteko. Hala baieztatu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, asteazken honetan Gasteizko Oihaneder euskararen etxean egindako ekitaldian.

`Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa: Udal Garapena´ izeneko dokumentua aurkeztu du Kontseiluak bertan, Hego Euskal Herriko udalei zuzendua. Oinarri beraren gainean, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriko etxeentzako gida ere plazaratuko du laster. 2020an bertan izanen diren hauteskundeak baino lehenago hautetsiekin mintzatzeko asmoa du.

Gasteizera itzuliz, ekitaldian bildu dira bertako alkateordea, bertze hainbat udaletako alkate, zinegotzi eta teknikariak, bertzeren artean Antsoain, Gorliz eta Aiaraldekoak, Aldundiko kideak, sindikatuak eta euskalgintzako ordezkaritza zabala.

Ez da plangintza bat, baizik eta bide bat

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokolotik dator aurkeztutako proposamena. Europako 30 hizkuntza komunitatetako ehundik gora eragileren ekarpenekin osatutako protokoloa 2016ko abenduaren 16an plazaratu zuten Donostian. Nola irakurri behar dute udalek? Nondik has daitezke? Galdera horiei erantzun nahi dio Udal Garapenak. «Ez diegu plangintza bat eskaintzen, baizik eta bide bat.

Kontseiluak ikusten du Udal Garapena tresna hagitz interesgarria dela euskalgintzak eta udalek elkarrekin jarduteko. «Hizkuntza politikatik gobernantzara igaro nahi dugu. Hizkuntza politika udalek egiten dutena da eta gobernantza, politika hori euskalgintzaren eta instituzioen artean adostea». Eudel, Udalbiltza, UEMA eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin hitzorduak eskatu dituzte, udal batzuek esperientzia pilotuak hasteko aukerarik duten ikusteko.