Nagore Belastegi
Donostia

Euskadi literatura sariak banatu dizkiete zazpi sortzaileri Donostian egindako ekitaldian

Irati Elorrieta, Ramon Eder Labayru, Patxi Zubizarreta Dorronsoro, Isabel Etxeberria Ramirez, Asisko Urmeneta, Juan Carlos Etxegoien Juanarena «Xamar» eta Daniel Innerarity dira Euskadi Sarien zerrendara batu diren izenak.

Saridunak Lakuako gobernuko ordezkariekin. (Maialen ANDRES / FOKU)
Saridunak Lakuako gobernuko ordezkariekin. (Maialen ANDRES / FOKU)

Euskadi literatura sariak banatu dituzte gaur arratsaldean Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Nahiz eta irabazleak nortzuk ziren jakina zen, sari banaketa horien lana jendaurrean txalotzeko eta lagunak elkartzeko aukera izan da.

Hala, Irati Elorrietak jaso zuen 2019ko euskarazko literaturako Euskadi saria ‘Neguko argiak’ (Pamiela) eleberriarengatik. Oso hunkituta jaso du Jose Ibarrola Bellidok sortutako eskultura. «Saritua nintzela jakin nuenean zer sentitu nuen galdetu zidaten kazetari guztiek: poza. Baina beste emozio bat sortu zuen poza baino sakonagoa: hunkitu egin nintzen», esan du.

Euskarazko haur eta gazte literaturan ‘Korri, Kuru, Korri’ (Ibaizabal) liburua izan da garaile, Patxi Zubizarretarena. Idazle honen laugarren Euskadi saria da honakoa. Isabel Etxeberria Ramirezek jaso du euskarazko literatura itzulpenaren saria Alice Munroren ‘Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak’ (Erein & Igela) euskaratzeagatik. Berak itzultzaileen lanari ikusgarritasuna emateagatik egiten diren ahalegin guztiak eskertu ditu.

Literatura lanen ilustrazio saria Asisko Urmenetak jaso du ‘AztiHitza: Xahoren biografikoa’ lanagatik (Erroa). Marrazkilari nafarrak Jon Miranderen hitzak erabili ditu bere esker hitzaldian.

Euskarazko saiakera atalean Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’ izan da omendua, ‘Etxera bidean’ (Pamiela) lanarekin euskararen inguruan egin duen gogoetari esker.

Gazteleraz literatura saria Ramon Ederren ‘Palmeras solitarias’ (Renacimiento) palindromo liburuak jaso du, eta gaztelaniazko saiakerari dagokionez, Daniel Innerarityk idatzitako ‘Política para perplejos’ (Galaxia Guttenberg) saritu dute, egungo politika oinarri duena.

Lakuako Kultura saiburu Bingen Zupiriak ere irakurleei egin die erreferentzia, idazleek euren lana egin baitute eta orain publikoaren esku baitako liburu horiek irakurtzea. Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, berriz, Euskadi sariek «euskal sortzaileen lana ikusgarriago egiteko aukera ematen digute». Sariketaren leloari jarraituz, bere hitzetan, «saria irakurtzea da».