Emakumeen esku pilotak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du urtea amaitu aurretik, Laboral Kutxa EITB Master jaialdia jokatuko baita igande honetan Berrizeko udal pilotalekuan. Ikuskizuna 12.00etan hasiko da eta ETBk zuzenean emango du.
Jaialdiaren helburua Emakume Master Cup lehiaketako pilotaririk onenak biltzea izaten da, baina gaur egindako aurkezpen ekitaldian jakinarazi dutenez, Miren Larrarte eta Patri Espinar Lau eta Erdiko finalistek ezingo dute jokatu. Gipuzkoarra eskuko minez dago, eta Usansolokoa kanpoan da bidaia batean.
Hala ere, goi mailako ordezkoak izango dituzte. Jaialdia kaiolako neurketa batek irekiko du, eta bertan Miriam Arrillaga, pilota mistoarekin txapeldun irten den pilotaria, eta Leire Garai neurtuko dira. Ondoren, binaka, Iera Agirre-Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendi izango dira elkarren aurka jokatuko dutenak.
Binakakorako izen ematea zabalik
Eta urte berriari begira, hurrengo binakako Master Cup txapelketarako izen emate epea zabalik dago jada, urtarrilaren 10era arte. Bi maila izango dira, pilota goxoa eta pilota mistoa, eta izena banaka eman behar da, gero antolakuntzak osatuko dituelako bikote ahalik eta orekatuenak.