Segiko kidea izateagatik eta Gasteizko tranbiaren aurkako protesta batean parte hartzeagatik sei eta bi urteko kartzela zigorrak ezarri zizkion Auzitegi Nazionalak Ekaitz Samaniego gasteiztarrari. 2011. urtean gertatu zen hori eta gaur agortu du zigorra.
Goizean goiz Zaragozako Zuera espetxeko ataria zeharkatu eta bertaratutako senide eta lagunen harrera beroa jaso du Ekaitz Samaniegok, Gasteizerako bideari ekin aurretik, Alfredo Remirezek (@erreharria) grabaturiko bideo honetan ikus daitekenez.
Kartzelaratua izan zenean ere elkartasun handia izan zuen gazteak. Zigorraren aurkako itxialdia egin zuen Gasteizko eliza batean, bertan eragile ugariren bisita jasoz. Aste batzuk eman zituen atxilotzeko aginduari izkin eginez, eta azkenean 2012ko urtarrilean Arabako hiriburuan eginiko manifestazio batean agertu eta jendearen txalo artean eraman zuen Ertzaintzak, orain arte espetxeratuz.
Zaballan izan zuten lehenengo bi hilabeteetan, baina hortik Salamancako Topasera urrundu zuten gero, gainera berarekin zegoen Txus Martin gaixorik den presoa bakar-bakarrik utzita.
Espetxealdiaren azken fasea Zueran eman du Samaniegok eta bertatik atera da libre igande honetan.
2020. hau hasi zenetik hiru euskal preso askatu dituzte, hirurek ezarritako zigorra guztiz agortuta. Pasa den asteazkenean, urtarrilaren 1ean alegia, Agurtzane Delgado ermuarra atera zen, eta ostiralean, berriz, Xabier Tximeno donostiarra.