Soilik itsasgoran kolpatzen dute olatuek Zarauzko portu txikia, baina mareak biziak direnean (koefiziente altua) eta itsaskiak indartsuak direnean indar handiz kolpatzen dituzte Zarauzko portuko hormak olatuek. Gaur goizean olatuek portuko pareta batean ireki duten arrakala ordea, inor gutxik espero zuen lekuan ireki da, eremu hori portuaren aurrealdea baino babestuagoa baitago.
Lehen ere ireki izan ditu arrakalak itsasoak Zarauzko portuan, horregatik harri erraldoiak ezarri zituzten portuaren aurrealdean olatuen kolpeez babesteko. Gauza bera gertatzen da hondartza gaineko pasealekuan, eta horregatik 1998an estreinatu zuten pasealeku berria olatuen kolpeei aurre egiteko diseinatua dago, nahiz eta itsaskiak oso handiak direnean pasealeku inguruko eraikinetan olatuek kalteak eragiten dituzten.
Portu txikia
Ipar-mendebaldetik sartzen diren itsaskiak hartzen ditu Zarauzko hondartzak eta portua hondartzaren mendebaldean aurkitzen denez eremu babestuenean dago, baina hala eta guztiz ere itsaski indartsuak direnean bete-betean jasotzen ditu olatuen kolpeak.
Portu txikia da. Uda sasoian 20 txalupa inguru izaten dira bertan eta soilik itsasgoran atera daitezke, itsasbeheran ez baita nabigatzeko behar adina ur izaten kaiaren barru aldean. Neguan txalupa gehienak portutik ateratzen dituzte haien jabeek, itsaskiak indartsuak direnean ur mailaren mugimenduak txalupen hondoratzea eragin baitezake.
1859an eraiki zen portua eta 1872an suntsitua izan zen karlistaden ondorioz. 1880ko hamarkadan berriz eraiki zuten Zarauzko kaia, eta ordutik ez du nabarmentzeko aldaketarik izan.
Getxo eta Donostia
Zarautzen ez ezik, Getxon ere kalteak sortu dituzte olatuek, Ereaga pasealekuan, Udalak jakinarazi duenez. Pasealeku horretan dagoen baranda-hormatxoaren 55 metrotan izan dira kalteak eta Portu Zaharreko hainbat estolda-estalki ere altxatu ditu urak.
Donostian, pasealeku berria oinezkoentzat ireki dute, ez ordea ibilgailuentzat. Azken hauentzat itxita egongo da, astelehenera arte gutxienez.