Haritz Larrañaga

Ibon Fernandez Iradi ez dute oraingoan ere kaleratuko; «eskandalagarria da»

Bake Bideak aurreratu duenez, gaixorik den Ibon Fernandez Iradik espetxean segitu beharko du, Zigor Aplikaziorako Ganbarak berriz ere kaleratzeko eskaerari ezetz esan diolako.

Protesta ikusgarria, Baionako auzitegian bertan. (Haritz LARRAÑAGA)
Protesta ikusgarria, Baionako auzitegian bertan. (Haritz LARRAÑAGA)

«Zigor Aplikaziorako Ganbarak, berriz ere, ez du onartu Ibon Fernandez Iradik galdeginiko zigor suspentsio eskaera. Eskaera lehen auzialdian onartua izan zen. Erabaki hau onartezina da, eskandalizatuak gira. Garaia da epaileek baita parketeak jokamoldez alda dezatela, eta Euskal Herriko bake prozesua kontutan har dezatela».

Honela jakinarazi du Bake Bideak gaixorik egon arren Ibon Fernandez Iradi ez dutela oraingo ere kaleratuko.

«Bake-prozesu honetako aktore guztiekin etapa berri batera pasa nahi dugu, presoei kartzela ez den beste perspektiba bat emanen dien bigarren fasearen eskaera. Apirilaren 8an mobilizatzera deitzen ditugu Euskal Herriko biztanleak», gogoratu du Bake Bideak.

Aurrekariak

2014an Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak zigor etetea onartu zuen baina prokuradoreak helegitea aurkeztu zuen presoaren defentsak aurkeztu zuen lehenengo eskaera horren kontra. Afera Dei Auzitegian eta Kasazio Gortean berreikusia izan ondoren, azkenean, Zigorren Aplikazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen larriki gaixo dagoen presoaren eskaera.

Zigor Aplikazioen Auzitegiko epaileak 2019ko urriaren 30ean erabaki behar zuen Ibon Fernandezen zigor etete eskaera onartzen zuen, baina horren ordez, epaia azaroaren 12ra arte atzeratzea erabaki zuen. Epaileak, defentsaren eskakizunekin bat eginez, Fernandezen gaixotasuna artatzeko sendagileen txostenak proposatzen zituen neurriak espetxean bermatzea ezinezkoa dela onartu zuen auzian. Horrekin batera, testuinguru politiko berria kontuan hartuta, Lannemezango espetxean dagoen Lasarte-Oriako presoa kaleratuz gero, arriskurik ez lukeela suposatuko ere berretsi zuen epaileak.

Fiskaltzak, ordea, kontrako iritzia agertu zuen, eta helegitea jarri zuen. Horrela, bi hilabeteko epea baliatuta, urtarrilaren 13an audientzia berria finkatu zen, dei auzitegian, baina berriz atzeratu zen erabakia, fiskalak, berriz ere txosten mediku gehigarri bat eskatu zuen eta.

Defentsak, lehenengo ebazpena berretsiz, zigor etetea onartzea eskatu zuen, baina Dei Auzitegiak, Fisklatzaren eskakizuna kontuaz hartuta, gaurko data ezarri zuen bere erabakiaren berri emateko.

Protesta goizean goiz

Bake Bideak eta bakearen artisauek ekintza sinbolikoa egin dute Baionako epaitegian larriki gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatzeko. Zigorren Aplikaziorako Epaitegiak gaur arratsaldean jakinaraziko du Lasarte-Oriako presoaren egoeraren gaineko erabakia, baina ekintzaileek «Fernandezen egoerak ezin duela itxaron» ohartarazi dute.

Sirena hotsek iragarri dute anbulantzia baten iritsera Baionako epaitegira 09:00ak aldera. Larri gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoaren egoeraren berri emateko antzezlan bat egin dute Baionako epaitegiaren kanpoaldean, eta Bake Bideako ordezkariek hitza hartu dute euskal presoaren egoeraren berri emateko. Artean, afixak zituzten zenbait lagun epaitegiko sarrerako gain aldean zein inguruetan ezarri dira.

Bake Bideak deituta burutu duten ekimen sinbolikoarekin Justizia frantsesak, eta bereziki terrorismoaren aurkako Fiskaltzak, euskal presoei dagozkien auzietan agertzen duen jarrera oztopatzailea salatu nahi izan dute.

Izan ere, fiskalak eragindako atzerapenen ondorioz espetxean mantendu dute esklerosi anizkoitza duen euskal presoa, eta gaur ebatzi behar du Parisko Zigorren Aplikaziorako Epaitegiak fiskaltzak eskatu bezala, txosten mediku berriak egiteko Fernandez espetxean atxikitzen duen, edo, bere gaixotasunari aurre egin ahal izateko zigor etete eskaera onartzen duen.

«Ibonen egoera ezin da luzatu»

Bake Bideako ordezkariek Ibon Fernandezi esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik epaitegietan egin duen ibilbide luzea oroitarazi dute, eta bere gaixotasunari aurre egiteko kalean egon behar duela nabarmendu dute. «Ibonen egoerak ezin du itxaron», azpimarratu du Emilie Martin bozeramaileak.

Mixel Berhokoirigoinek deialdi berezia egin du datorren apirilaren 8rako. Egun horretan, «hiru urte beteko dira ETA erakundearen armagabetzea burutu zela, eta Unai, Jon, Xistor  eta Jakesek 30 urte egingo dituzte presondegian», oroitarazi du bakearen artisauak. Horregatik, «bizi osorako zigorraren kontrako mobilizazio eguna» deitu dute Ipar Euskal Herri osoan.

Lasarte-Orian, Fernandez Iradiren jaioterrian, mobilizazioa egin dute iluntzean, Zigorren Aplikaziorako Auzitegiaren erabakia salatzeko.