Arnaitz Gorriti

Boris Stankovic hil da, NBAko jokalariak FIBAren lehiaketetara ekartzea lortu zuen gizona

95 urte betetzear, Belgradeko bere etxean zendu da Boris Stankovic, 1976tik 2002ra FIBAko presidente izana eta 1991az geroztik Baskatball Hall Of Fame delakoaren kidea.

Borislav Stankovicek NBAko saskibaloi jokalariak mundu osoko jokalarien aurka FIBAren lehiaketetan ere parte har zezaten erdietsi zuen. (Doug COLLIER / AFP PHOTO)
Borislav Stankovicek NBAko saskibaloi jokalariak mundu osoko jokalarien aurka FIBAren lehiaketetan ere parte har zezaten erdietsi zuen. (Doug COLLIER / AFP PHOTO)

Eritasun luze baten ondoren, 95 urte betetzear dela zendu da Borislav Stankovic, Nazioarteko Saskibaloi Federazioak –FIBAK– eta oro har Europako saskibaloiak egundo izan duen pertsonaia garrantzitsuenetakoa, Belgradeko bere etxean. NBAko jokalariak Olinpiar Jokoetara eta Munduko Txapelketak jokatzera azaltzea erdietsi zuen beronen lan eskergak.

Ikasketaz albaitari izan arren, saskibaloiak «kosarkak» oso gazte zela harrapatu zuen eta bizi zen artean ez zuen utzi. Yugoslaviako selekzioko jokalari ere izatera iritsi zen gazte denboran  eta 1950. urteko aurreneko Munduko Txapelketan Stankovicek berak gauzatu zuen lehiaketako aurreneko saskiraketa. Entrenatzaile gisa, berriz, Yugoslaviako Ligan eta Italian aritu zen eta emaitza onak lortuz gainera, OKK Belgrade, Belgradeko Izar Gorrian eta Orasonda Cantu taldeetan, hain zuzen, Italiako LEGAn txapeldun suertatu zen aurreneko entrenatzaile atzerritarra izanik berau.

Hala ere, bulegoetan egin zuen egiaz bere izen ona Stankovicek, Yugoslaviako «kosarkak» izan dituen «Lau Jainko» horietako bat baitzen, Njebosa Popovic, Radomir Saper eta «Aza» Nikolicekin batera. 1956tik 1966ra, Yugoslaviako Saskibaloi Federazioako idazkari nagusi izan zen. 1960an, FIBAko idazkariorde izan zen Renato William Jonesen itzalean eta 1976tik 2002ra bitartean Nazioarteko Federazioaren buruzagitza eraman zuen. 2003az geroztik FIBAk idazkari nagusi emeritu izendatu zuen. 1991. urtean Springfieldeko «Naismith Memorial Basketball Hall Of Fame» delakoren kide egin zuten. 1978tik aurrera, Nazioarteko Olinpiar Komiteko kide ere izan zen 1925eko uztailaren 9an Yugoslavia ohiko Bihac hirian sorturiko Borislav «Bora» Stankovic.

Garai bateko FIBAk zuen Amateurismoarekin amaitzeko lan egin zuen Stankovicek bere garaian –«A» haren esanahia «Amateur» izan baitzen denbora luzean– eta bere lorpenik handiena NBAko jokalariak FIBAk antolaturiko saskibaloi lehiaketetan –Munduko Txapelketak eta Olinpiar Jokoak, hain zuzen– parte har zezaten erdiestea izan zen, Bartzelonako Olinpiar Jokoetako «Dream Team» delakoa eratzen lagunduz. Aurreiritzi dezente hautsi behar izan zituen eta hortarako artean NBAko Ordezkari nagusi zen David Sternekin –hau ere urtarrilaren 1ean zendua– harreman estua sendotu behar izan zuen.

Egun FIBAko presidente den Andreas Zagklisek erakundearen webgunean «Stankovicen familiari eta lagunei doluminak azaldu nahi dizkiegu bihotzez». «Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko Guda Hotzeko garai haietan, zubiak eraikitzen jardun zuen eta saskibaloia egungo aro modernorantz bideratu zuen», azaldu du Zagklisek FIBAren webgunearen bidez.

Euroligarekin borrokan

1958. urtean sortu zen Euroliga aurrenekoz, FIBAren ardurapean. Yugoslaviako Saskibaloi Federazioaren presidente izanik, Stankovic izan zen Euroliga haren bultzatzaile nagusienetako bat. Alabaina, XX. mendearen amaierak Euroliga eta FIBAren arteko dibortzioa ekarri zuen berekin. Jordi Bertomeuk zuzenduta, Europako hainbat saskibaloi klubek, tartean Saski Baskoniak, FIBArekin harreman oro hautsi zuten eta gaur egun ezagutzen den Euroliga eratu zuten. Beste zenbait klub, tartean Maccabi edo Panathinaikos, esaterako, FIBAren aldean geratu ziren, baina pare bat urtez Euroliga eta «Suproliga» izeneko beste lehiaketa bat aurrez aurre izan arren, 2002an, Stankovicen agurreko urtean FIBAko presidentziatik, klub guztiek Euroligaren aldeko hautua egin zuten.

Garai hartan harreman hotzak eta txarrak izanagatik, Euroligak betidanik errekonozitu du Borislav Stankovic Europako saskibaloiaren pieza garrantzitsua izan dela. Hala, 2008ko Madrilgo Final Fourrean «Euroligaren 50. urteurrena» zela-eta, Madrilen eratu zuten hitzaldian parte hartu zuen, Jordi Bertomeu berak gonbidatuta. Iazko Gasteizko Final Fourrean, berriz, Euroligak «31 Mastermind of European Basketball» liburua editatu zuen, Vladimir Stankovic kazetariaren eskutik. Borislav Stankovic «aparteko gizona eta saskibaloiaren herentziaren zati» gisa definitzen du aipatu liburuak.

Bere heriotzaren aurrean, Jordi Bertomeuk hitz batzuek egin ditu ere Euroligaren webgunean. «Euroligaren izenean doluminak azaldu nahi ditugu Bora Stankovicen heriotzaren aurrean. Europako saskibaloiaren aitzindarietako izan da eta bere lan nekaezina besteontzat eredu izateaz gain, beronek arrasto sakon eta ahaztezina lagako du gure kiroleak», adierazi du.