Aitor AGIRREZABAL
Moria

Koronabirusaren ondorioz lehen hildakoa aurretik ere egoera larria bizi zuen Lesbos irlan

76 urteko emakume greziar bat da Lesbos irlan, koronabirusaren ondorioz, zendu den lehen pertsona. Moriako migratzaile kanpalekuan ez dute kasurik baieztatu, baina Gobernuaren interes falta salatzen dute bertan lan egiten duten boluntarioek. Oraintxe, hiru ohe daude 20.000 lagun artatzeko.

Haurrak Moriako kanpalekuan. (Louisa GOULIAMAKI / AFP)
Haurrak Moriako kanpalekuan. (Louisa GOULIAMAKI / AFP)

Moriako migratzaile kanpalekua hartzen duen Lesbos irlan koronabirusak eragindako lehen heriotza konfirmatu dute. 76 urteko emakume greziar bat da. Ostegunean ospitaleratu zuten eta larunbatean baieztatu zuten Covid-19an positiboa eman zuela.

Bere alaba erizainarekin eta honen bikotearekin bizi zen eta hiruek eman zuten positibo. Martxoaren 9an jakinarazi zen koronabirusaren lehen kasua Lesbosen. 50 urteko greziar bat izan zen lehen positiboa, Israelera bidaia egin eta itzuleran bakartze egoeran jarri zutena. Guztira, oraingoz, zortzi dira konfirmatutako kasuak.

Gobernuak, oraingoz, ez du Moriako kanpaleku barneko kasurik baieztatu, baina «osasun bonba bat» bezala definitu du. «Ez dago interes handirik bertan gertatzen dena erakusteko», adierazi dio NAIZi bertan den Malen Garmendia Zaporeakeko kideak.

Kanpalekua ez dago prest horrelako krisi bati aurre egiteko. Koronabirusa irlan agertu eta gero box bat prestatu dute, baina hiru ohe baino ez ditu 20.000 lagun hartzen dituen kanpaleku batentzat eta honen ordutegia ere mugatua da. Gainera, Gobernuak Moriako kanpalekua eta hiria lotzen zituen errepidea moztu du, beraz gaixo dagoenak ere ez du bertatik irtetzerik.

«Pandemia iristen bada ezinezkoa izango da jarraipena egitea», salatu du Garmendiak. Badaude osasun arloko boluntarioak ere bertan lanean, baina ez dute baliabiderik horrelako krisi bati aurre egiteko. Hala ere, posible litzateke birusa kanpalekuan dagoeneko egotea baina jakinaren gainean ez egotea. «Noiz enteratuko gara? Oso erraza da Gobernuarentzat gaixoa pneumonia batekin edo beste zerbaitekin diagnostikatzea eta listo».

Zaporeak bezalako boluntario ugari ari dira Lesbosen lanean, baina koronabirusak hauen lana eta laguntza ere eten ditu. Oraingoz, janaria banatzen dabilenez, Zaporeaken lana «funtsezkoa» dela iritzi dute autoritateek eta ez diete jarduna mugatu. Baina ez dakite honek zenbatean iraungo duen. Hori gutxi balitz, lehen heriotz honek «alarma» sortu du kanpalekuan.

2.500 lagun hartzeko prestatuta dago gunea, baina 20.000 inguru ditu. Otsailaren amaieran eta martxoaren hasieran greziar eta Europako beste zonalde batzuetako talde faxistak bertan boluntarioei, migratzaileei eta kazetariei eraso egin zieten eta, orain, koronabirusa da protagonista. Baina koronabirusak ekarri du gauza onik ere. «Koronabirusak faxistak ere etxean sartu ditu», aipatu du Garmendiak.

Grezian, orotara, 40 koronabirus hildako inguru eta 1.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte.