Koronabirusak eragindako alarma egoerak eta osasun krisiak tokian tokiko merkatu txikiak edo azokak ixtera behartu ditu. Baserritarrak, aldiz, ez daude konforme erabaki honekin, segurtasun eta higiene kontuak errespetatu dezaketela uste dutelako.
Hala, Gipuzkoako EHNEk ohar bat helarazi du merkatuak irekita mantentzea eskatzeko. Nekazaritza sindikatuaren ustez «borondate kontua da» merkatu hauek irekita edukitzeko baimena ematea.
Deitoratu du «herri asko ez direla gai izan hauek irekita mantentzeko higiene eta segurtasun neurriak bete arren. Adierazi du merkatuak ixteak zuzeneko salmenta egiten duten baserritarren bizimodua baldintzatzen duela eta, era berean, kontsumitzaileekin sortzen den harreman zuzena ere moztu egiten dela.
Bitartekaririk gabeko salmentaren defentsa
Ildo horretatik, nabarmendu du ekoizleak prest daudela «higiene eta segurtasun neurri guztiak betetzeko», baina defendatzen dute «produktua zuzenean, bitartekaririk gabe saltzeko» aukera bermatu behar zaiela.
«Badakigu askok ez dutela zuzeneko salmentarik egiteko aukerarik izango eta sortu diren ekimenak onartzen ditugu, baina horrek ez du merkatuetan saltzeko aukera baliogabetu behar», adierazi du erakundeak, Lakuako Gobernuak duela aste bete iragarritako ekimenaren harira. Gainera, Gipuzkoako EHNEk baserritarrei gogorarazi die janaria etxera eraman dezaketela, «beti protokoloa betez».