NAIZ

ELAk Gipuzkoako hiru egoitza eta Aldundia salatuko ditu, «osasun eta bizi eskubidea urratzeagatik»

ELAk auzitara eramanen ditu bihar, asteartea, Gipuzkoako hiru zahar etxe eta Foru Aldundia, «bertako langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzeagatik». Gainera, Osakidetzak egoitzetan esku-hartzea eskatu du, «premiaz eta modu integralean», baliabideak hedatuta, Covid-19aren kutsatzeen egoera «kritikoa» baita haietako batzuetan.

Tolosako Iurreamendi da ELAk salatuko dituen egoitzetako bat. (Jon URBE/FOKU)
Tolosako Iurreamendi da ELAk salatuko dituen egoitzetako bat. (Jon URBE/FOKU)

Tolosako Iurreamendi, Zumarragako Argixao eta Ordiziako San Jose adinekoen egoitzetako «langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea babesteko» bi salaketa jarriko ditu ELAk bihar, asteartea, lan-arloko epaitegian. Horretaz gain, kautelazko neurriak eskatuko ditu zuzendaritzak berehala eman diezazkien langile guztiei homologatutako norbera babesteko ekipamenduak, behar bezala erabil daitezen eta langile guztiei testak segituan egin dakizkien.

«Langileen osasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko», zerbitzua kudeatzen duten enpresei isuna jartzeko ere eskatuko du sindikatuak.

Hiru salaketa horiek lehenak izango direla jakinarazi du ELAk, aste honetan «langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea babesteko» beste herrialdeetako egoitzetara ere zabalduko dituelako salaketak.

Kontigentzia-plan bat

Aipatutako eskaerez gain, salatutako enpresei –Zu eta Biok S.Coop, Gerozerlan eta Eulen Soziosanitario; Iurreamendi, Argixao eta Sanjose egoitzako azpikontratak, hurrenez hurren–, eta baita zentroen ardura duen Aldundiari ere, exijituko die gidetan eta protokoloetan zehazten diren eta betetzen ari ez diren beste gai batzuk betetzeko. Adibidez, erabiltzaileak behar bezala sailkatzeko, langileei prestakuntza emateko eta kontingentzia-plan bat egiteko.

Plan horretan, besteak beste, jardueraren jarraipena jasoko da, langileen bajen igoeraren aurrean. Azken kontu honek izugarri kezkatzen du ELA, positibo eman dutelako edo sintomak dituztelako hainbeste langile bajan egonik, «lan-kargak eta presio emozionala jasanezinak» direlako.

Hortaz, Osakidetzak premiaz esku-hartzea eskatu du sindikatuak, zuzendaritzaren eta medikuntzako eta erizaintzako langileen bidez erabiltzaileen osasuna bermatzeko eta kutsadura-fokuei aurre egiteko.

Positiboak, %80

Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, egoitzetan koronabirusarekin hil diren egoiliarrak 90 baino gehiago dira dagoeneko. Covid-19arekin lotutako heriotzen %70 zahar egoitzetan gertatu dira.

Zahar etxe horietako batzuetako egoera bereziki dramatikotzat jo du ELAk. Tolosako Iurreamendi, Ordiziako San Jose eta Arrasateko Iturbide egoitzetan, Covid-19aren testean positibo eman dutenak %80raino iritsi dira, eta kutsatuta edo bajan dauden langileak lan taldearen heren bat dira.

Sindikatuak behin eta berriz eskatu arren, «egoitzetako langileek ez dute norbera babesteko ekipamendu osorik, eta erabiltzaile guztiei testak egiten zaizkien egoitzak salbuespena dira oraindik ere».

ELAk oroitu du Gipuzkoako egoitzetako langileek greba bertan behera utzi zutela 243 egunez borrokatu ondoren. Egun horietan, emakumezko langileen lan-baldintzen hobetzea aldarrikatzeaz gain, egoitzak langile gehiagoz hornitzeko beharra errepikatu zuten.