Maite Ubiria

«Auzapez, alkate eta lehendakari guztiek salatu beharko lukete mugak ixteko erabakia»

Iragan asteburuaz geroztik dozena bat muga pasabide itxita daude Pirinioetan. Horietarik bederatzi –Biarnorekin muga egiten duen San Martingo Harria aintzat hartuz gero, hamar– Euskal Herrian dira. Erabakiak traba berriak eragin dizkie mugaren alde batera eta bestera ibiltzen ohi diren inguruko herrietako biztanleei. Hartara, Egoitz Blazquez-Errarte mugaz gaindiko langileak herritar anitzen kexari oiharzuna eman dio erran.eus atariaren bidez.

Espainiar militarrak Ibardingo lepoan, bertako muga pasabidea itxi ondoren. (Guillaume FAUVEAU)
Espainiar militarrak Ibardingo lepoan, bertako muga pasabidea itxi ondoren. (Guillaume FAUVEAU)

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak aldez aurretik iragarri zuen erabakia joan zen larunbat iluntzean gauzatu zen. Geroztik Pirinioetako dozena bat muga edo pasabide itxita daude. Horietarik bederatzi Euskal Herrian dira. San Martingo Harria eta Biarno Belagoako mendikatetik lotzen dituen muga kontuan harturik orotara hamar lirateke.

Bistan da, mugaz gaindi lan egiten duten herritarrek lehenengo egunetik sumatu dute dagoeneko erabakiaren eragina. Lan jarduerak soilik ez mugatik harago elkarlanean egiten diren beste hainbat harreman eta egitasmo eten egin dituelako salbuespen neurriak.

«Izan dira urteetan mugaren bi aldeetara atentatuak, droga trafikoa, kontrabandoa, hilketak, denetariko delinkuentzia, Miarritzen izandako G7a eta, azken finean, autoritateek muga estu-estuki zaintzea kontsideratu duten hainbat eta hainbat egoera» oroitarazi du Xareta eskualdeko berriak biltzen dituen erran.eus atarian Egoitz Blazquez-Errartek. Hala eta guztiz ere «kontrolak gorabehera, muga pausuak zabalik izan dira beti».

Mugaren bi aldeetan, Covid-19 birusaren zabalpenari aurre egiteko konfinamendua agindu zutenetik, «kaleak inoiz baino bakartiago, bidegurutzeetan edozein poliziaren kontrolak eta errepideak sekula baino lasaiago daude», azaldu du beharginak. Hala ere, «batzuk lanera joan beharra dugu» nabarmendu du.

Lan agiriarekin, aurrera

Besteak beste Urruña, Sara, Baigorri edo Urepeleko igarobideak itxi arte «xuxen betetako laneko agiria eta baita Frantziako autoritateek ezarritakoa ere» joan-jinak ahalbidetzen zituzten.

Joan zen larunbatetik «egoera baketsu idilikoa irudi lukeen» hori aldatu dela azaldu du Blazquez-Errartek.

«Frantziako autoritateek sekula izandako kriminal edo mehatxurik handiena kontsideratu omen gaituzte lanera joateko muga zeharkatu behar dugun langileak, eta izandako mehatxu guztiei aplikatu ez dietena guri aplikatu digute. Lanera joateko behar ditugun muga pausuak itxi eta hor konpon« jarraitu du.

Hala nola Lizuniagako igarobidea itxita, «Saratik, Senperetik, Urdazubi edo Zugarramurditik, Bera edo Lesakara edo alderantziz lanera joateko beharra» duten herritarrek «munduari itzulia egiteko» prest egon behar dutela salatu du Xareta eskualdeko berriak biltzen dituen erran.eus atari digitalean.

Hala da, Sarako herriak 25 kilometroko muga lerroa partekatzen du Nafarroarekin. Pasabide guztiak itxi dira Lapurdiko herrian. Finean kilometro ugari behar lukete egin dute muga igarotzera behartua dauden herritarrek. Hauek dira zabalik dauden pasabide bakarrak: Biriatu (A63 autobidea), Hendaia-Irun (Santiagoko zubia eta trenbide pasabidea), Dantxaria (Ainhoa) eta Orreaga eta Arnegi arteko muga.

Aurrekari arriskutsua ezartzen duen erabakia

«Gu ez gara turistak, gu ez gaude oporretan» nabarmendu ondoren, dozena erdi eskas pasabide nagusiak hobetsiz, bide batez herri txikiagoak lotzen dituzten mugak ixteko erabakia «justifikaezina, totalitarioa eta aurrekari arriskutsua» badela salatu du langile honek.

Horrendako «auzapez, alkate eta lehendakari guztiek salatu beharko luketela» harturiko erabakia adierazi du Egoitz Blazquez-Errartek.