NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko udal baratze ekologikoak astelehenean irekiko dituzte, edukiera eta denbora mugekin

Gasteizko Urarte, Zabalortu eta Lakuakolore auzo-kudeaketako udal-baratze ekologikoak heldu den astelehenean irekiko dira berriro, osasun-krisiaren ondorioz tarte batean itxita egon ondoren. Edukiera eta egonaldia mugatuta egongo dira, hala ere.

Astelehenean irekiko dituzte Gasteizko udal baratze ekologikoak. (GASTEIZKO UDALA)
Astelehenean irekiko dituzte Gasteizko udal baratze ekologikoak. (GASTEIZKO UDALA)

Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, partzela eta egun bakoitzeko pertsona bat (titularra) sartu ahal izango da baratze komunitarioen ekipamendura, interakzio soziala saihesteko; nolanahi ere, gutxienez bi metroko distantziara egongo da.

Gainera, gehienez ere lau orduz egon daiteke baratzean.

Lanabesen etxola irekita egongo da, baina sarrera banan-banan izango da. Gainerako erabiltzaileek kanpoan itxarongo dute, segurtasun-distantziak errespetatuz. 

Pertsona bakoitza, materiala erabiltzen duen bakoitzean, heldulekua garbitzeaz arduratuko da, eta, horretarako, propio eraman beharko dituen zapi eta produktu desinfektatzaileak erabiliko ditu. Lan horretarako toki bat atonduko da hustubidetik gertu, ur eta lixiba disoluzioarekin garbitzeko, lurra edo ura kutsatu gabe. 

Garbiketa nola egin behar den azalduko duen kartel bat ere jarriko da.

Komunak eta gainerako lekuak itxita egongo dira.

Lursail bakoitzaren barruan kudeatu beharko da belarra, debekatuta egongo baita beste inon uztea. Gainerako gomendioez gain —segurtasun-distantzia, eskuak garbitzea edo maskarak erabiltzea—, nahitaezkoa izango da eskularruak erabiltzea.

Azkenik, gogoratu dute pertsonaren batek sintomak baditu, ezingo duela baratzera joan.