NAIZ

Gipuzkoako Etxeko Langileen Taldeak hutsuneak ikusten dizkio Madrilgo langabezia prozedurari

Astearte honetatik aurrera etxeko langileek koronabirusak eragindako langabeziako diru-laguntza eskatu dezakete. Estatu espainoleko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) abiatutako prozeduran, baina, hutsune nabariak ikusi ditu SOS Arrazakeria Gipuzkoako Etxeko Langileen Taldeak; horien artean lehen ordainketa bi hilabete beranduago jaso behar izatea.

Etxeko langileen protesta, Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Etxeko langileen protesta, Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Estatu espainoleko Enplegu Zerbitzu Publikoak astelehen honetan ebazpen bat argitaratu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean, etxeko langileek diru-laguntzak eskatzeko aukera izan dezaten. Gogoratu behar da sektore honi ez zaizkiola onartzen langabeziari dagozkion laguntzak. Orain, pandemiak eragindako langabezia den kasu orok eskaerak izapidetu ahal izango ditu.

SOS Arrazakeria Gipuzkoako Etxeko Langileen Taldeak gaitzetsi du oso berandu iritsi dela aukera hau. Martxoaren 14an ezarri zuen Gobernu espainolak alarma egoera eta sektoreko langileen protesten ondorioz onartu zuen ezohiko sorospen programa bat martxan jartzea. Dekretuan hilabete bateko epea zuen SEPEk prozedura abian jartzeko eta, azkenean, maiatzean iritsi da zerbitzu hori.

Ebazpeneko bederatzigarren atalean esaten denaren arabera, eskaerak «gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira» eta, gainera, hilabetearen 10ean kobratuko da. Hau da, kasurik onenetan, datorren igandean kobratuko dute lehen laguntza, ia bi hilabete beranduago.

«Eta, adibidez, uztailaren 11tik aurrera erantzun positiboa jasotzen dutenek abuztuaren 10era arte itxaron beharko dute sorospena jasotzeko», jakinarazi du langileen elkarteak.

Premiazko neurria behar zuenak «etorkizunerako promesetik» gehiago duelakoan daude. Benetan baliagarri izatetik urrun dagoen sorospoen programa bat dela uste dute.

«Ematen du, etxeko langileok hain lan eta gizarte egoera tamalgarritik abiatzen garenez, eskertuta egon behar dugula keinu mugatuen eta zentzugabeen aurrean. Eta argi eta garbi esan nahi diegu ezetz», ohartarazi dute.

«Martxoaren 14an, Pedro Sanchezek iragarpen historikoa egin zuen, Estatuak 200.000 milioi euro mobilizatuko ditu, BPGaren %20, krisiaren ondorioei aurre egiteko. Ez al zen aukera ezin hobea familia-etxeko zerbitzuan lan egiten duten pertsonak gainerako langileen eskubideetan parekatzeko eta, gainera, haien babesgabetasun berezia arinduko duten premiazko neurri azkar eta eraginkorrak ezartzeko?», itaun egiten dute.

Ebazpenaren edukia

Ebazpenaren edukia patxadaz aztertu dute eta zenbait oztoporekin aurkitu dira. Lehenengoa, eskaera izapidetzea bide telematikoz egin behar dutela eta horretarako gako edo sinadura elektroniko batzuk eduki behar dira, «gehienok falta duguna, eta ez gara etxeko langileez bakarrik ari, herritar gehienez baizik».

Kontraturik gabe lan egiten duten langileak kanpoan uzten jarraitzen du, eta horietako asko dira egoera administratibo irregularrean dauden emakume migratzaileak: «Joan den abenduko datuen arabera, Espainiako 580.000 pertsonetatik 200.000 inguru kontraturik gabe ari dira lanean».

Ebazpena ez da iristen martxoaren 14a baino lehen Covid-19aren ondorioz lana galdu dutenengana.

Bestalde, sorospenaren zenbatekoa kotizazio-oinarriaren %70 izango da, langile askok soldata errealaren oso azpitik kotizatzen dutenean. Horregatik, galdetu dute ea zergatik oinarria ezin den izan %100ekoa.

Kontratua etetean, langileak enplegatzailearen «erantzukizunpeko adierazpena» aurkeztu behar du, eta enplegatzaileari ez zaio berariaz hori egitera behartu behar.

Gehienez ere hiru eguneko epea ematen da sorospenaren onuradunek SEPEri jakinarazteko eskabidean adierazi zituzten lan baldintzak aldatzen badira.

«Eta errematatzeko, sorospenaren kobrantzak ez du barne hartzen Gizarte Segurantzako kotizazioa aldi horretan», azpimarratu dute.