NAIZ

Karmele Jaiok bigarren aldiz irabazi du 111 Akademiaren saria

111 Akademiak, Euskal Herriko literaturazaleen bilguneak, Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ eleberria izendatu du 2019ko libururik gogokoena. Ezohiko egoera dela eta, aurten ez da jendaurreko sari-banaketa ekitaldirik egingo.

Karmele Jaio eta «Aitaren etxea», poz handiak eman dizkion liburuak. (Gorka RUBIO / FOKU)
Karmele Jaio eta «Aitaren etxea», poz handiak eman dizkion liburuak. (Gorka RUBIO / FOKU)

Interes berezia du sari honek, irakurleek hautatu eta ematen baitute. Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da 111 Akademia; liburuak irakurri, iruzkinak bidali eta urtero 111 Akademiaren Saria ematen dute. Andoainen kokatuta, 201 kide ditu une honetan bilguneak eta horietako 114k parte hartu dute 2019ko sariduna izendatzeko 2020ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan.

Txanda guztietan Karmele Jaioren eleberria izan da bozkatuena, eta Bernardo Atxagaren ‘Etxeak eta hilobiak’ eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Une honetan aurtengo sari-banaketaren nondik norakoak aztertzen ari dira 111 Akademiako arduradunak. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Datorren urtean, mendeurrena beteko du.

Bigarrenez saridun

Karmele Jaiok ez du 2019koa 111 Akademiaren lehen saria izango. Gogora dezagun 2006an ere idazle gasteiztarrak jaso zuela irakurleen sari hau ‘Amaren eskuak’ eleberriagatik.

Hala, 111 Akademiaren Saria (2012. urtera arte Beterriko Liburua izenez ezagutua) bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Karmele Jaio, bera delarik, oraingoz, taldetxo horretako emakume bakarra: Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano dira gasteiztarrarekin batera irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten idazleak.

«Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz», 111 Akademiaren hitzetan.

Akademiakide batek aipatu bezala, «literatura heldutasunera iritsita» aurkituko du irakurleak lan honetan.