NAIZ

‘Xabier Lete gogoan’ goiburupean banatuko dira azaroan Rikardo Arregi kazetaritza sariak

XXXII. edizioa da aurtengoa eta, iaz hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, launa kategoria bakoitzean. Hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 18an itxiko da eta sariak azaroaren 26an banatuko dira. Ekitaldian Xabier Lete omenduko da.

Asteazken honetan aurkeztu dituzte edizio berriaren xehetasunak. (ANDOAINGO UDALA)
Asteazken honetan aurkeztu dituzte edizio berriaren xehetasunak. (ANDOAINGO UDALA)

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du asteazken honetan Andoaingo Udalak eta, urteroko moduan, deialdiaren xehetasunak aurkeztu ditu. Prentsaurrean izan dira Mikel Arregi Aranburu, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia; Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikaria eta Estibalitz Alkorta Lakuako Euskara sustatzeko zuzendaria.

XXXII. edizioa da aurtengoa eta, iaz hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, kategoria bakoitzeko launa, gehienez. «Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, norberak bere burua edo nornahik beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango du, baina finalistak nahiz saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea», zehaztu dute.

Irabazleak nortzuk diren azaroaren 26an jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. Ekitaldiaren goiburua ‘Xabier Lete gogoan’ izango da, izan ere, sari banaketa ondorengo astean, abenduaren 4an, beteko dira hamar urte Xabier Lete hil zela. Adierazi dutenez, «Xabier Lete eta Rikardo Arregi batuko ditugu egun horretan musikarekin, kantuarekin eta poesiarekin».

«Ohiko kazetaritzari bizkarra eman gabe», sare sozialetako komunikazioan ere jarri nahi dute arreta. Hala, Kazetaritza saria berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua izango den bitartean, Komunikazio saria euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko ditu.

Oinarriak eta epeak

Lanak aurkezteko oinarriei dagokienez, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa.

Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, bestalde, «euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek». Argitalpen epeak bertsuak dira, baita sariak ere.

Saridun izateko hautagaitzak irailaren 18ra bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota raks@andoain.eus helbidera. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko.